Sei egun festa giroan

Imanol Garcia Landa 2014ko uzt. 14a, 08:00
Bihar hasiko dira Alegiako jaiak; egitarau zabala antolatu dute hurrengo igandera arte, bai festa batzordeak baita gaztetxeak ere

Egun gutxi falta dira Alegiako festak hasteko: datorren asteartean hasi eta igandera arte iraungo dute aurtengoan. Sei egun, beraz, egitarau zabalaz gozatzeko: batetik, festa batzordeak antolatutakoa, eta bestetik Gaztetxeak sortutako Bibalabirjen festak. Marijo Izagirre, Festetako zinegotzi eta festa batzordeko kideak azaldu duenez, egitarau hori guztia prestatzeak lana suposatzen du: «Aurten Karmen eguna ez da ondo egokitu, aste erdian tokatu da, eta orduan egun asko hartu dituzte festek».
Inauteriak bukatu berritan hasten dira festa batzordeko bilerak egiten, zehaztu du Patxi Renobales kideak: «Ez dugu erantzun handirik izaten jendearen partetik. 6-7 lagun elkartzen gara eta hortik aurrera hamabostean behin egiten ditugu bilerak». Bere aldetik, gaztetxean bilera irekiak antolatzen dituzte, eta Aste Santuaren ondoren hasi ziren biltzen. «Astero biltzen aritu gara», esan du Imanol Irazustabarrena gaztetxeko kideak. «Beste urte guztietan festa batzordekoak baino egun bat lehenago hasi izan gara, baina aurten zazpi egunetakoa antolatzea gehiegi zen eta egun bat beranduago hasiko dira. Bestalde, bileretan parte hartzea ona izan da».
Bi egitarau antolatzearena orain dela 20 urte ingurukoa da. Renobalesek azaldu duenez, gorabehera batzuk izan ziren udalaren eta gaztetxearen artean: «Udalak atera zuen gaztetxea botatzea aurreikusten zuen  proiektu bata, eta gorabehera handiak sortu ziren herrian. Batzuk alde batera eta besteak beste alde batera egin zuten. Bestalde, Langaurreko festa bat ere egiten zen bere garaian eta hura ere gai horregatik desegin egin zen. Festei dagokionez, alternatiboak egin behar zirela erabaki zen eta horrelaxe hasi ziren».
Egun bi festen artean harreman oso ona dagoela dio Renobalesek: «Saiatzen gara bi egitarauak batera egiten eta oso ondo konpontzen gara». Bi lan taldeak ere elkartu egiten dira ordutegiak eta begiratzeko eta elkarri ez zapaltzeko. Bi egitarauak «osatu» egiten direla gaineratu du Izagirrek: «Guk zerbait antolatzen dugu, eta besteek jarraian beste bat, eta ondo etortzen da, batez ere astegunetan». Zahagiardo bateratua ere egiten dute festetako egun batean, zubian.
Bibalabirjen jaietako egitaraua ia dena bulebarrean egiten da. «Gaztetxeak txosna jartzen du, eta aurrekontu aldetik gure ideia gastu guztiak ordaintzea  izaten da eta zerbait gehiago lortuz gero gaztetxearentzako hobe», dio Irazustabarrenak. Gauetan «nahiko festa polita» izaten dela inguru horretan gaineratu du eta eskualdean ezaguna dela Alegiako bulebarreko festa eremua.
Festa batzordetik dei berezia egin diete tabernariei edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko. «Badakit betiko bezeroentzat traketsa izango dela horrelako edalontziak erabiltzea», esan du Renobalesek, «baina ikusten ari gara sekulako zikinkeriak geratzen direla herrian». Tabernariek baiezkoa eman dute eta udalak banatuko dizkie edalontzi berrerabilgarriak. «Ahal den neurrian edalontzi horiek edo kristalezkoak erabiltzeko deia egiten dugu festa batzordetik», gaineratu du.

Txupinazoa, Iñaki Artolaren esku
Egitarauari errepasoa eginez, lehenengo egunean txupinazoa botatzeko ohorea Iñaki Artola pilotariarentzat izango da. «Buruan beste pertsona bat genuen, baina hark ezezkoa esan zigun eta orduan Artolari komentatu genion, eta honek baiezkoa eman du», azaldu du Renobalesek. «Zalantza genuen festak baino lehen debutatuko ote zuen profesionaletan, eta azkenean hala gertatu da. Txupinazoan gaztetxekoek ere laguntza emango diote, bere kuadrilla guztia gaztetxe inguruan ibiltzen delako». Txupinazoarekin batera elkarretaratzea egingo da Euskal presoak eta iheslariak etxera lelopean.

 
Lehenengo egun horretan ere kartel lehiaketan parte hartu dutenen erakusketa egingo da. Hiru sari banatu dituzte: festetako logoarena Enara Amiano altzotarrarentzat izan da, egitarauren liburuxkako azaleko saria Arkaitz Gonzalez alegiarrak jaso du eta kontrazalekoa Zihara Oreja alegiarrak. Logoarekin festetako kamisetak egiten dira eta horiek salgai jartzen dira.
Karmen egunean, uztailaren 16an, besteak beste, Korrontzi taldearen emanaldia izango da Amasa-Villabonako Oinkari taldeko dantzariekin eta Alegiako Sutarri taldeko dantzariekin batera. Renobalesek argitu duenez, «orain dela 10 urte inguru etorri zen Korrontzi emanaldi bat egitera eta jendea gustura geratu zen eta aurten errepikatzea pentsatu genuen».
Lehenengo eguna izango da Bibalabirjen jaietakoa eta egun hori «berezia» izaten dela dio Irazustabarrenak: «Futbol txapelketako finala izaten da, gero sagardo probaketa eta trikitilariak gau guztian. Jende asko elkartzen gara. Herrikoak egongo gara batez ere, eta gauean zerbait berezia ere egin nahi genuen, eta azkenean kulero eta kaltzontzillo lasterketa egitea pentsatu da».
Irazustabarrenak aipatu duen futbol txapelketa Santos Torneoaren helduena da. Orain dela 38 urte Santos Olano alegiarra soldaduskan istripua izanda hil egin zen. «Euskaltzale amorratu horietakoa zen eta futbolzalea ere bai, eta bere oroimenez hasi ziren txapelketa antolatzen», azaldu du Renobalesek. «Lehen Franconi eskolan egiten zen, belardi batean, eta gero eskolako patioan izaten zen. Pixkana uzten joan zen, baina gero gaztetxekoek heldu zioten antolakuntzari eta egun beraiek antolatzen dute». Horrez gain, Intxurre futbol taldekoak hasi ziren gaztetxoen mailan beste txapelketa bat antolatzen izen berarekin. Hasieran Alegiakoekin bakarrik egiten zen eta egun Orendain, Abaltzisketa, Amezketa eta Altzo herrietakoek ere parte hartzen dute. Gaztetxoen txapelketaren finala ostiralean izango da.
Osteguna, hilak 17, haurrentzako eguna izango da batez ere festa batzordearen egitarauan. Besteak beste, arratsaldean play back saioa izango dute. «Lehengo urtean egin genuen lehen aldiz eta arrakasta izan zuen. Aurten ere talde dezentek eman dute izena, eta beraien kantak eta dantzak egiten dituzte», zehaztu du Izagirrek. Bibalabirjen jaietan, bigarren eguna «lasaiagoa» izaten dela esan du Irazustabarrenak: «Aurten mus txapelketa jarri dugu, arratsaldean zerbait jartzeko. Gero poteoa izango dugu Elektro-Txarangarekin, eta poteora jende asko animatzen da».
Ostiralean erretirodunek eta haurrek izango dute protagonismoa festa batzordearen egitarauan.  Bertsoek ere bai, gauean puntako bertsolarien saioa izango delako, urtero arrakasta izaten duen ekitaldia, herriko bertso eskolak antolatuta. Gauean ere Kauta eta En Tol Sarmiento taldeen kontzertua izango da. Herri bazkaria izango da ekitaldi nagusia Bibalabirjenetan. Aurretik bertso poteoa egingo dute, iaz berreskuratu zuten ohitura hori, eta bazkariaren ondoren kuadrillen arteko jolasak egingo dira.
Kirolek izango dute bere lekua larunbatean. Arrantza lehiaketa, Euskal Herriko sokatira txapelketako sailkapen proba, eta pilota partidak izango dira. Pilotan, hain justu, Alegiako IV. Pilota Txapelketako finalak jokatuko dira, eta Iñaki Artolak bere debuta egingo du profesional modura jaioterrian. Eguerdian sagardo dastaketa eta sardina jatea izango da, arrakasta handia izan ohi duen ekitaldia. Egun horretan Bibalabirjen egitarauan, kontzertuek izango dute protagonismoa.
Igandean, aurtengo berritasuna: balkoi eta lorategi ederrenaren lehiaketaren sari banaketa. Izena eman behar da, eta horretarako kultur etxera edo udaletxera joan behar da, eta gaur da azken eguna horretarako. Nabarmentzekoak dira ere egun horretan Sutarri dantza taldearen emanaldia eta Harri-jasotzaileen IX. Txintxarri Saria. Bibalabirjenetan, iluntzean egingo den herriko bertsolarien saiorekin agurtuko dute egitaraua. Festei amaiera emateko, txintxarria erre ordez, pixkana zabaltzen joan nahi duten ekitaldia egingo dute gaueko hamabietan: bakoitzak etxetik eramatea txintxarriak eta hauen soinuekin bukaera ematea. Festa batzordetik herritar guztiei egiten diete gonbidapena festen amaiera ekitaldi horretan ere parte hartzeko.

Zahagiardoa egunero

Bada Alegian indar handia duen tradizioa, eta bi egitarauetan islatzen dena: zahagiardoa. «Ezin da ezer egin zahagiardorik gabe», dio Renobalesek. «Egunero dago». Irazustaberrenak betidanik ezagutu du: «Ez bakarrik festetan, bestela ere egiten da, sanjoanetan esaterako. Zahagiardoa beti da berezia Alegian». Egunero dago zahagiardoaz gozatzeko aukera, baina bereziena zubian egiten dena da, larunbatean izango dena zehazki, bi egitarauek bat egiten baitute bertan, plaza eta bulebarra elkartzen diren lekuan.

 

Egitaraua

Uztailak 15, asteartea
18:30. Kartel lehiaketan parte hartu duten marrazkien erakusketa udaletxeko arkupetan.
18:30. Ordiziako erraldoi eta buruhandiekin, herriko txistulari eta trikitilariekin eta Giroarte dultzaina taldearekin kalejira Larraitz auzotik plazaraino.
19:00. Kontzentrazioa plazan Euskal preso eta iheslariak etxera lelopean.
19:00. Txupinazoa Iñaki Artolaren eskutik. Jarraian Txintxarriaren jaitsiera, jaien hasiera iragartzeko.
19:30. Loatzo musika eskolako txaranga kalez kale.
21:00. Zahagiardoa plazan.
23:00. Joselu Anaiak taldearen emanaldia.

Uztailak 16, asteazkena
09:00. Giroarte dultzaina taldeak alaituriko diana.
12:00. Korrontzi taldearen emanaldia plazan Oinkari eta Sutarriko dantzariekin.
18:00. Atsoak dantzan Pikor Teatro taldearen kale antzerkia plazan.
19:00. Herritarren arteko toka txapelketa plazan (helduentzat).
19:30. Unsain Anaiak taldearekin dantzaldia plazan.
21:00. Zahagiardoa plazan.
22:00. Unsain Anaiak taldearekin dantzaldia plazan.

Uztailak 17, osteguna
09:00. Loatzo musika eskolako txarangak alaituriko diana.
09:00. 3x3 saskibaloi txapelketa eskolako patioan. Infantil eta alebin mailak, Lagun Aro saskibaloi taldearen laguntzarekin.
12:00. Irrien Lagunak taldearen ikuskizuna Larraitz auzoko plazan.
14:30. Umeen herri bazkaria plazan.
15:30. Haurrentzako play-back saioa. Ondoren, haur eta gurasoentzako dantzaldia plazan Joxe Mendizabalen eskutik. Bukaeran txokolatea banatuko da.

Uztailak 18, ostirala
09:00. Loatzo musika eskolako trikitilariek alaitutako diana.
09:00. Erretirodunek antolatutako mendi ibilaldia.
11:00. Erretirodunentzat hamaiketakoa.
10:00-14:00. Haur parkea.
16:30-17:30. Haur parkea.
18:00. Areto futboleko Santos Torneoaren finala.
19:00. Rockalean taldearen emanaldia kaleetan zehar.
21:00. Zahagiardoa Larraitz auzoko plazan.
22:30. Bertsolariak kultur etxean: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Iker Zubeldia eta Iñigo Mantzisidor Mantxi. Gai-jartzailea: Felix Irazustabarrena.
00:00. Kauta eta En Tol Sarmiento taldeen kontzertuak.

Uztailak 19, larunbata
09:00. Herriko txistularien eta trikitilarien diana.
09:00. Arrantza lehiaketa Oria ibaian 6 eta 14 urte bitarteko lehiakideentzat.
12:30. Sagardo dastaketa sardina eta txorizoarekin. Sagardotegiak: Eguzkitza, Sarasola, Isastegi, Aburuza, Zalbide eta Zabala.
12:30. Asier Unsain eta Irma Karrerarekin trikitia plazan.
17:30. Euskal Herriko txapelketarako sokatira sailkapena Franconiko zelaian.
18:00. Pilota partidak: Alegiako IV. Pilota Txapelketako finalak: nagusiak eta kadeteak binaka. Ondoren profesionalak: Saralegi-Iturriaga eta Artola-Zabala.
21:00. Zahagiardoa zubian.
22:30. Nanai taldearen kontzertua.
00:00. DJ Bull.

Uztailak 20, igandea
09:30. Kalejira berezia, lehengo eta oraingo herriko txistulariekin.
12:15. Balkoi eta lorategi ederrenaren sari banaketa.
12:30. Alegiako Sutarri dantza taldearen emanaldia herriko plazan.
17:00. Umeen jolasak plazan.
18:30. Herri kirolak Larraitz auzoko plazan. Harri-jasotzaileen IX. Txintxarri Saria. Aimar Irigoien eta Joseba Esnaola harri-jasotzaileek marka ahaleginak egingo dituzte. Joseba Otaegi eta Eneko Saralegi aizkolarien saioa.
19:30. Alaiki taldearen dantzaldia plazan.
21:00. Zahagiardoa plazan.
23:00-02:00. Alaiki taldearekin dantzaldia plazan.
00:00. Txintxarrien hotsarekin agurra egingo diete aurtengo jaiei.

Bibalabirjen jaien egitaraua

Uztailak 16, asteazkena
17:30. Xantosen omenezko futbol txapelketako finala.
19:00. Sagardo probaketa.
Ondoren zahagiardoa.
Gauean trikitilariak.
04:00. Kaltzontzilo eta kulero karrera.

Uztailak 17, osteguna
16:00. Mus txapelketa
(izen ematea 15:30ean).
19:00. Elektro Txarangarekin poteoa.
Ondoren zahagiardoa.
Gauean Ingo al deu? Taldea.

Uztailak 18, ostirala
13:00. Bertso poteoa herriko kaleetan.
15:00. Herri bazkaria.
Ondoren, Berastegiko Batukadarekin poteoa (tartean kuadrilla arteko jolasak-pikeak).
Iluntzean, zahagiardoa.
Gauetik goizaldera DJ-ak.

Uztailak 19, larunbata
Arratsaldean pilota partidak frontoian.
Iluntzean zahagiardoa zubian.
Gauean: Arramazka, Tutan Come On, Herabe.

Uztailak 20, igandea
Iluntzean zahagiardoa.
Gauean herriko bertsolariak.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!