Alegia artzain-andrez jantzi nahi dute Sutarriko kideek igandean

Asier Imaz 2014ko mai. 21a, 05:25

Alegia artzain-andrez jantzi nahi du Sutarri Dantza Taldeak maiatzaren 25ean. Dantza Festa antolatu dute igandean, egun guztiko egitaraua osatuz, eta herritarrei jaiarekin bat egitea eskatu diete, aipatu bezala, artzain-andrez jantzita.

Goizean hasiko da Dantza Festa, Larraitz auzotik abiatuko den kalejirarekin. Bertsolariak, Loatzoko musikariak, dantzariak... herria zeharkatuko dute gune desberdinetan geldialdiak eta erakustaldiak eginez. Sutarritik 90 lagun inguru ibiliko direla esan dute, eta horiekin elkartzen diren guztiak «ongietorriak» izango dira, Marta Iraola alegiarraren esanetan.
Eguerdian bazkari herrikoia egingo dute plazan. Txartelak erosteko azken eguna gaurkoa da, eta salmenta «erritmo onean» doala onartu du Iraolak. Arratsaldean, erromeria egongo da plazan.
Azken zazpi urteetan Dantzari Txiki Eguna antolatu du Sutarrik, baina aurten, aldaketarekin etorri dira alegiarrak: «Azken urteetan eguraldi txarra izan dugu Dantzari Txiki Egunean, azaroan. Aurten Dantza Festa egitea erabaki dugu, ea nola ateratzen den».
Dantza taldeak herriko jai guztietan parte hartzen du, eta igandeko ekimenarekin, ekarpen horretan beste urrats bat eman nahi dute: «Herria pixka bat girotzeko antolatu dugu Dantza Festa. Sutarri Alegian dago urte guztian lanean, eta herritik hartua herriari itzultzen saiatzen gara», esan du Marta Iraola dantza taldeko kideak. Ahalik eta jende gehienak parte hartzea nahi dute Sutarrikoek, eta horregatik, gonbidapen zabala egin dute.
Iraolak aipatu bezala, Alegiako dantza taldea herrian txertaturik dago. 1997an 20 lagunekin hasi ziren, eta egun, 6-57 urte bitarteko 80 pertsona inguru dabil Sutarrin. Guraso talde batek, udalaren laguntzarekin martxan jarritako proiektua, beraz, osasuntsu dagoela esan daiteke. Marta Iraolak azaldu bezala, ordea, dantza ez zen Sutarrirekin sortu Alegian, aurrez, Tomax Iraola, Axun Orbegozo, Mila Begiristain... lanean aritu baitziren. Hutsune baten ondoren etorri zen Sutarri. Dantza tradizionala eta koreografia berriak lantzen dituzte, Eneritz Ugartemendia eta Irati Garmendiaren gidaritzapean. Igandean, lan guzti horren lagin bat kaleratuko dute.

Egitaraua
Maiatzak 25, igandea
Goizean. Larraitz auzotik abiatuta kalejira. Herriko hainbat gunetan dantza egingo dute. Bertsolariak eta Loatzoko musikariak lagun izango dituzte.
14:30. Bazkari herrikoia plazan. Txartelak erosteko azken eguna gaurkoa da. Horretarako kultur etxera joan behar da.
Arratsaldea. Ai Ene! taldearekin erromeria plazan.
Oharrak. Herritarrei artzain-andrez jantzita joatea eskatu diete Sutarritik. Eguraldi txarra eginez gero, egitaraua pilotalekuan egingo litzateke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!