Giro paregabean ospatu dute Txintxarri Eguna

Ataria 2013ko urriaren 21a

Txintxarri Abesbatza Txintxarri Eguneko kontzertuaren une batean, Alegian
Entzule ugari elkartu zituzten iragan larunbatean Alegiako abesbatzek. 16. Txintxarri Eguneko emanaldia eskaini zuten Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek, Joan Bataiatzailea Deunaren elizan.

David Azurza tolosarrak gidatuta, fin aritu ziren taldeko gazteenak. Bost abesti abestu zituzten, guztiak Azurzak moldatutakoak. Koreografiarekin lagunduta aritu ziren gazteak eta irri bat baino gehiago sorrarazi zituzten.

 

Garbiñe Orbegozoren gidaritzapean, entzule artean abestuz ekin zioten kontzertuari Txintxarri abesbatzakoek. Amodio abesti batekin egin nahi izan zieten diosala entzuleei eta aldarean kokatuta amaitu zuten abestia. Sei kantu eskaini zituzten helduek. Mariaje Rekondok pianoarekin lagundu zien hainbat kantutan. Kontzertuko berezitasuna Luis de Aranburu Gasteizko musikagile zenaren obra hirukoitza izan zen, “Kitolis” izenekoa. Xefe Balerdik egin zuen bakarlariarena obraren lehen zatian: semea itsasoan galdu duen arrantzalearen lekukotza tristea ematen du abestiak. Ondoren zortzikoa eskaini zuten. Obraren amaieran, ezpata dantzaren doinuak abestu zituzten; Izarraitz Larreta eta Alaia Loidi herriko Sutarri dantza taldekoek dantza egin zuten abeslariei laguntzeko.

 

Txintxarri eguneko afari legea herriko Txintxarri Elkartean egin zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!