Unai Otañok eta Izetatarrek irabazi dute Txintxarri Saria

Ataria 2013ko uztailaren 16a

Unai Otaño aizkolari ibartarrak eta Izeta II.a eta IV.ak osaturiko taldea izan da Alegian jokaturiko Txintxarri Sarian garailea. Talde aurkaria, hau da, gazteena Otaegi zizurkildarrak eta Irigoienek eta Lopetegik osatu zuten, baina, beteranoen aurrean ezin izan zuten ezer egin, proba guztietan atzetik joan zirelarik.

Harri-jasotzaileek lehendabizi 100 kiloko zilindro zaharrari 60 jasoaldi eman zizkioten, eta aizkolariek kana-erdiko enborra zutik eta beste bat etzanda moztu zituzten. Beteranoek 9 minutu eta 25 segundo behar izan zuten lan hori amaitzeko, eta gazteek 14 segundo gehiago.

Bigarren lanean, 100eko kopari 60 jasoaldi eman eta 45 ontzakoa zutik eta 60koa etzanda ebaki behar zituzten. Beteranoak izan ziren nagusi hemen ere, 8 minutu eta 6 segundoko denborarekin. Gazteek 8 minutu eta 50 segundo behar izan zuten.

Hirugarren lanean, berriz, 100eko kubikoari 45 jasoaldi eman eta 80 ontzakoa ebaki behar zuten. 9 minutu eta 40 segundo behar izan zuten beteranoek, eta 17 segundo gehiago gazteek. Azken lanean, 100eko bolari 45 jasoaldi eman behar zizkioten, eta hiru kana-erdiko moztu. Beteranoen denbora 10 minutu eta 29 segundokoa izan zen, eta gazteena, 10 minutu eta 34 segundo.

Lan guztiak kontuan hartuta, beraz, 37 minutu eta 30 segundo izan zen beteranoen denbora, eta gazteena, 40 minutu eta 40 segundo.

Rekondo txapeldun

Jon Rekondo leitzarra eta Donato Larretxea arantzarra dira Nafarroako Binakako Aizkora Txapelketako irabazleak. Herenegun jokatu zen Iruñean finala, eta 14 segundoko aldearekin lortu zuten txapela janztea.

Rekondo-Larretxea bikotearekin, Nazabal-Erasun eta Senosiain-Lopez aritu ziren lehian, eta bakoitzak egin beharreko lana, sei kana-erdiko eta 60 ontzako ebakitzea izan zen. Bada, ikuskizun polita eskaini zuten aizkolariek saioaren hasieratik, izan ere, bikote irabazlea eta bigarrena, hau da, Nazabal-Erasun, parean ibili ziren saio osoan. Azkenean, 22 minutu eta 4 segundoko denbora behar izan zuten Rekondo-Larretxeak eta 14 segundo gehiago bigarrenek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!