Alegiako gaztetxean musikarekin ekingo diote udaberriko denboraldiari

Ataria 2013ko martxoaren 6a

Zuloak eta Surfin Kaos musika taldeek kontzertua eskainiko dute Alegiako gaztetxean, martxoaren 15ean. Sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, zazpi eurotan. Udaberriko denboraldiari modu horretan emango diote hasiera Alegiako gaztetxean. Ondoren, herriko jaiak iritsi bitarte, hilabetean ekitaldiren bat egitea gustatuko litzaieke: hitzaldiak, argazki erakusketak, ikastaroak... antolatzeko asmoa dituzte.

Asmoak gauzatzen hilaren 15ean hasiko dira, aipatu kontzertuarekin: «Berez, martxoaren 8an egin nahi genuen, Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, baina taldeek ezin zutenez, atzeratu beharrean izan gara», diote gaztetxetik. Surfin Kaos taldeko gitarra ezaguna zutenez, berarekin hasi ziren harremanetan. Ondoren, Gose taldearen atzetik ibili ziren, «baina oraingoz areto eta antzeko eszenatokietan mugitzen dabiltza Gosekoak, eta gaztetxeetan aurrerago hasiko dira», gaineratu dute. Tartean Fermin Muguruzak sustatutako proiektua Alegiara ekartzeko aukera sortu zen, eta Zuloak taldeari ezezkoa esatea zaila denez, kartela osaturik gelditu zen.

Martxoaren 15ean gaztetxeko ateak 22:30ean zabalduko dira. Ondoren musikaren txanda izango da, Surfin Kaos-en eta Zuloak-en eskutik.

Surfin Kaos hiruko donostiarra Goizalde surrealistak diskoarekin etorriko da Alegiara, rock&roll-a, izerdia eta taula gaineko jarrerarekin musika festa osatuz. Zuloak taldea, aldiz, film dokumental baten aitzakian sortutako taldea da, baina pantailatik zuzenekora jauzi sendoa egina dute, eta azken hilabeteetan hara eta hona dabiltza, gelditu gabe.

25. urteurrenaren jarraipena

Alegiako gaztetxeak 2012ko abenduan 25 urte bete zituen. Ospakizun gehienak azaroan, abenduan eta urtarrilean egin zituzten, baina ez zen dena hor amaitu, filosofia berri bat martxan jarri baitzuten. Gaztetxetik pasatako jendearen artean ospatu izan zuten 25. urteurrena, dinamika bat martxan jarriz. Lehen ibilitakoek eta oraingoek, gauzak sortu eta ekarpenak egiteko aukera zuten dinamika horri esker. Lan egiteko modu horri jarraipena eman eta udaberriko egitasmoa gauzatzen ari dira une honetan, belaunaldi desberdinen elkarlanarekin. Fruituak eta deialdiak zuzenean jarraitzeko, http://alegikogaztetxea.txintxarrisfera.com helbidean sartzea nahikoa da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!