Gutuna

Ataria 2011ko maiatzaren 16a

Alegiako EAko militante ohiak herritarrengana zuzendu dira euren egoeraren berri emateko .

Orain gutxira arte Alegiako Eusko Alkartasunako militante zirenek ohar bat kaleratu dute, gaizkiulertuak saiheste aldera, une honetan Euskadiko mapa politikoa jasaten ari den aldaketen aurrean euren egoeraren berri emateko helburuz.

EAko militante ohiek gutunean azaldu dutenez, iazko uztailean Eusko Alkartasuna uztea erabaki zuten aho batez, euren iritziz “Urizarren alderdiak izandako bilakaerak EAren hasierako helburuekin bat egiten ez zuelako”. Horren ondorioz, alderdiak Alegian zuen antolaketa desegina geratu zen.

Horrekin batera gogorarazi nahi izan dute 2003az geroztik ezin izan dutela udal hauteskundeetan kandidaturarik aurkeztu. “Horren arrazoia Udalean egon ginen garaian geuk eta geure senideek jasan behar izan genituen irain eta mehatxuetan aurkitu behar da, jazarpen hori ez baitzen inolaz ere onargarria balizko hautagai askorentzat”.

EAko militante ohiek Bildurekin zerikusirik ez dutela jakinarazi nahi diete herritarrei. Era berean, honakoa ere argi utzi nahi izan dute: “Beti defendatu dugu alderdi politiko guztiek udal hauteskundeetan parte hartzeko duten eskubidea, eta aurrerantzean ere halaxe egingo dugu”.

Udalean egon ziren urteetan zehar alegiarrengandik jaso zuten babesa eskertu ondoren, “agian egunen batean, Alegiara normalizazioa iristen denean, eta beharrezkoa bada, baliteke berriz gure herriaren kudeaketan parte hartzeko moduan izatea, hogei urtetan zehar ahalegin osoz egin genuen bezala”.

Alegiako EAko kide ohiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!