Gehigarria: Gastronomia

Babarrunez haragoko aukera

Ataria 2025eko azaroaren 11

Babarrunaren sehaska izendatu izan da Albiztur. Azken urteetan, ordea, babarrunak jateko ohitura asko hedatu da, eskualdeko herri gehiagotara. Perla beltzak, baina, indarra izaten jarraitzen du Albizturren, eta hori ondo dakite Herriko Etxe jatetxean.

Babarrunak kozinatzeko eta eskaintzeko ohiturari eusten diote. Asko saltzen dituzte, baina babarrunaz harago zer jana badela ere erakutsi nahi dute. Herriko ostatuan dago jatetxea, plazaren ondoan, udaletxe azpian. Urteko egun guztietan dago zabalik. Astegunetan bazkariak bakarrik ematen dituzte; ostiraletik igandera bitarte, eta jaiegunetan, berriz, afariak ere bai.

Bazkaltzeko edo afaltzeko aukera zabala dago bertan. Astegunetan, egunero aldatzen duten menua izaten dute; 16 euroko prezioa du. Larunbat, igande eta jaiegunetan, berriz, asteburuko menua izaten da; 36 euro balio du. Ostiral eta larunbat gauetan, plater konbinatuak eta ogitartekoak egiten dituzte. Menu itxiak eskatzeko aukera ere badago, lagun talde edo familientzat.

Bertako ekoizleen garaiko produktuekin egiten dituzte platerak. Une honetan asko ari dira kozinatzen perretxikoak, onddoak, ehizako animaliak eta babarrunak. Hori bai, azken horiek urte osoan zehar izaten dituzte. Izan ere, babarrun menua izaten dute egunero, 28 euroan. Asteburuko menuan ere babarrun platera egoten da aukeran. Bezero asko joaten da babarrunak jateko gogoz, eskualdeko herritarrak nahiz bisitariak. Udazkenean astebururo betetzen da jangela, eta gehienek, babarrun menua aukeratzen dute otordurako.

Taberna zerbitzua ere badauka jatetxeak. Asteburuan, eguerdian, mugimendu handia izaten dute. Batez ere, herritarrak joaten dira, pintxoak eta anoak dastatzera. Astegunetan, eskolako 25 haur ingururi bazkaltzen ematen diete, jangelan duten gela batean; asteburuetan, gela hori jangela modura erabiltzen dute. Denera, 60 lagunentzako edukiera daukate. Terraza ere badu jatetxeak, udaletxeko arkupeetan. Urtean zehar, tabernako bezeroentzat izaten da; udan, menua jan daiteke bertan.

  • Helbidea. Erdigunea 22, behea (Albiztur)
  • Ordutegia. Astelehen eta astearteetan 09:30etik 17:00etara; asteazken eta ostegunetan 09:30etik 20:00etara; eta ostiral, larunbat eta igandeetan 09:30etik 22:30era.
  • Telefono zenbakia. 943 005 922
  • Facebook. Ostatu albiztur
  • Instagram. @ostatu_de_albiztur

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!