Elkarrizketa

«Astean bi menu saltzetik, egunean hamar saltzera igaro naiz»

Endika Apalategi Labayen 2024ko abu. 5a, 17:00

Marta Deulofeu Albizturko Ostatuko jabea. ENDIKA APALATEGI

Marta Deulofeuk bi urte daramatza Albizturko Ostatuko nagusi gisa lanean. Uztailean, Jakitea Gipuzkoako sukaldarien elkarteak antolatutako sari banaketa ekitaldian, Albizturko Ostatuak Gizarteratzea Euskal Gastronomia Saria jaso zuen.

 

Katalana, jatorriz Sant Feliu de Guixolsekoa (Girona), Marta Tolosaldeara etorri zen bere bihotzari jarraituz, eta eskualdea zapaldu bezain laster, euskaltegian eman zuen izena euskara ikasteko asmoz. Gaur egun, Albizturko Ostatuko nagusia da eta astean hirurogeita hamar menu emateaz gain, Albizturko eskolako hogeita bost haurrei ere jaten ematen die astelehenetik ostiralera.

Zer dela eta etorri zinen Gironatik Euskal Herrira?

2013. urtean seme-alabak izan nituen tolosar batekin eta Ibarrara etorri nintzen bizitzera. Bertan, jostailu denda bat ireki genuen eta euskaltegian euskara ikasten hasi nintzen.

Albizturko herriak leku berezia izango du zure bihotzean.

Bai, hala da. Herri honek ostalaritza munduan lan egin eta nire bizitza aurrera ateratzeko aukera eman dit. Bizitza osoan ostalaritzan lan egin dut; lehenik Katalunian, eta ondoren sei urtez Tolosako Saikin tabernako sukaldean. Orain berriz, neure ostatua daukat.

Nola suertatu zen Albizturko ostatua irekitzeko aukera?

Lehen aipatu dizudan moduan, hona bizitzera etorri bezain pronto euskaltegian izena eman nuen euskara ikasteko. Bertan Albizturko lagun bat egin nuen eta bere bitartez jakin nuen Albizturko Ostatua enkantean zegoela. Egoera guztiak ondo aztertu ostean, ostatua erostea ekonomikoki bideragarria zela ikusi nuen, eta ostatua martxan jartzea erabaki nuen.

Zenbat menu saltzen dituzue astean zehar ostatuan?

Ostatua ireki nuenean astean bi menu besterik ez nituen saltzen. Orain, egunean hamar menu saltzen ditut; hau da, hirurogeita hamar menu guztira. Astean zehar eskaintzen dudan menua 14 eurotakoa da eta eguneko platera 10 eurotan jateko aukera ere badute ostatura bertaratzen diren bezeroek. Aste-bukaerakoa berriz, 32 euroko prezioan dago menua eta 25 eurotan menu erdia.

Zein da etxeko plater izarra?

Ospe gehien duen platera Tolosako babarrunak direla esango nuke, baina plater izarren artean; potxak txirlarekin, piper entsalada atun errearekin eta hegaluzearekin, arrain zopa, arkumea eta udareak almibarretan jogurtarekin direla esango nuke.

Eta zein da bezeroek gehien eskatzen duten platera?

Piper entsalada atun errearekin da jendeak gehien eskatzen duen platera. Postrerako berriz, gazta tarta eta udareak almibarretan jogurtarekin da gehien prestatzen dudan platera.

Albizturko Ostatuari Gizarteratzea Euskal Gastronomian Saria eman zizueten, zer dela eta eman zizuen sari hori?

Ondojan deitzen den Gipuzkoan ondo jateko gidan, bi erreportaje egin zizkidaten. Lehenengoa ostatua ireki berritan, eta bigarrena orain dela gutxi. Ondojan gidak eta Jakitea sukaldarien elkarteak hartu eman handia dute, eta gidakoek lehen aldian erreportajea egin zidatenetik bigarrengora, garapen handia ikusi zutelako irabazi nuela uste dut saria. Azken finean, nik Katalunian prestatzen nituen jakietatik Euskal Herrian jaten diren jakietara egokitu eta ikasi behar izan dut nire sukaldatzeko modua, eta horregatik gakoa hori izan delakoan nago.

Zer sentitzen duzu sari hau irabazi berritan?

Ustekabeko atsegina izan zen saria irabaztea. Ekitaldia egin baino hiru aste lehenago jakinarazi zidaten garailea izan nintzela, eta hasiera batean ez nuen sinisten. Hotzean pentsatuta; bi urte hauetan egin duda lan, izerdi eta sakrifizio guztien ordaina izan da sari hau irabaztea niretzat.

 

 

 

 

 

 

Erlazionatuak

Jakitea sariak banatu dituzte

Leyre Carrasco uzt 23 Aduna

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!