Jakitea sariak banatu dituzte

Leyre Carrasco 2024ko uzt. 23a, 12:00

Gipuzkoako sukaldarien elkarteak Zabala sagardotegian egin du sari banaketa; Albizturko Ostatuak Gizarteratzea Euskal Gastronomian Saria jaso du.

Giro ederra sortu zen atzo iluntzean Adunako Zabala sagardotegian, Jakitea Gipuzkoako sukaldarien elkartearen urteroko sari banaketa ekitaldian. Aurten, seigarren edizioa izan dute eta sukaldaritza adituek zapore eta aromaz beteriko zerrenda aberats baten artean aukeratu behar izan dituzte, beste behin, aurtengo irabazleak. Jakitera sariekin Euskal Herriko hainbat taberna eta jatetxetan euskal sukaldaritza tradizionala bizirik mantentzeko egiten duten lana nabarmendu nahi dute. Xabier Zabaleta elkarteko buru eta Donostiako sukaldariak gogorarazi zuen hamabost urte bete dituela elkarteak «euskal gastronomia tradizionalaren alde lanean», nahiz eta bidea «ez den erraza izan».

Saridunen zerrenda luzea izan zen eta tartean izan ziren eskualdeko bi jatetxe; Jakitea Saria Tolosako Botarri erretegiak jaso zuen eta Jose Maria Esteban gerturatu zen sari banaketara, eta Albizturko Ostatuari Gizarteratzea Euskal Gastronomian Saria eman zioten, Marta Deulofeu arduradunak jaso zuelarik garaikurra. 

Gainontzeko sariak eskualdetik kanpo banatu zituzten. Juan Manuel Garmendia izeneko sariak kalitate handiena duen eta produktu onena darabilen jatetxea saritzen du eta aurten, Getariako Kaia-Kaipe jatetxeak jaso du.

Bertako Ekoizlearen Saria Aldudeko (Nafarroa Beherea) Pierre Oteizak jaso zuen, eta Donostiako Ordizia tabernako txipiroiak plantxan platerak Pintxo Tradizionalaren Saria jaso zuen. Plater Tradizional Onenaren Saria, berriz, Oiartzunera joan zen; Gurutze Berri jatetxeko Xabier Zapirainek prestatzen duen eper entsalada eskabetxean platera izan zen garaile.

Mikel Corcuera izena duen eta gastronomia alorrean kazetaritza lana nabarmentzen duen saria aldiz, Diario Vasco egunkariko Javier Yurritak jaso zuen.  Aurtengoan Ibilbide Saria hirukoitza izan zen, eta Legazpiko Azpikoetxeko Gregoria Igoak, Oiartzungo Zuberoako Hilario Arbelaitzek eta Karrantzako Casa Garras jatetxeko Natividad Orcasitasek jaso zuten. Kilometro Zeroren eta Labelaren Aldeko Apustuaren Saria Ormaiztegiko Kuko Jatetxeak eraman zuen eta Gastronomiako Elkartasunaren Saria, berriz, Etiopia Utopia elkarteak.

Euskara

Gastronomia alorreko aintzatespenez gain, ostalaritza munduan saritu beharreko beste hainbat praktika ere nabarmendu ohi izan ditu Jakitea elkarteak. Horietako bat da Donostiako Ikili tabernak jaso zuen Jatetxean Euskararen Erabilera, Presentzia eta Indartzearen Saria.

Zabala sagardotegiko ekitaldian Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat arduradun izan ziren eta baita Donostiako alkate den Eneko Goia eta Basquetourreko zuzendari Daniel Solana ere. 

Euskal sukaldaritza tradizionala babesteko eta sustatzeko ia ehun pertsona bildu zituen topaketak eta sari banaketaren ostean bertako produktu tradizionalen kalitatezko dastatze zabal bat eskaini zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!