Gogoan dituzu jokatutako finalak?
Azken bi finalez ez naiz oroitzen asko. 2007koa gogoan dut galdu egin genuela, eta berez Larrañagarekin jokatu nuela, baina Herriarteko Txapelketako finala zuen egun horretan eta Aratz Irazustarekin jokatu nuen finala. Partida ona egin genuela eta borrokatu egin genuela gogoan dut.
22-18 galdu zenuten.
Mitxelena genuen aurkari eta ondo moldatzen zen. Pentsatzen genuen alde handiagoz irabaziko zigutela, baina aurre egin genion. Eta gero gogoan nuen aurretik Iturriozen aurka kadetetan jokatu nuela lau eta erdian, eta galdu egin nuela hori ere.
Beti jokatu izan zenuen atzelari moduan?
Kadete arte aurretik ere jokatzen nuen, gero atzera pasa nintzen erabat eta orain dela bi urte arte egon naiz jokatzen atzelari moduan.
Pilotarekin, beraz, lotura luzea izan duzu.
Sei bat urterekin hasiko nintzen eta 33 urte egin arte ibili nintzen. Gerra pixka bat eman dugu afizionatu mailan.
Izan ere, afizionatu mailan urte dezente aritu zara.
Bai, urte mordoxka bat. 18 urte egiterakoan afizionatuetan hasten zinen, beraz, hamabost bat urte ariko nintzen hor.
Zer eman dizu pilotak zuri?
Jende asko ezagutzeko aukera eman dit, eta toki asko ere bai. Lagun gutxi egiten dira, baina ezagun asko. Hori bai, egin ditudan lagunak betirako izango dira. Nik uste dut kirolean hori gertatzen dela.
Hitza Pilota Txapelketaz orokorrean zer oroitzapen dituzu?
Oroitzapen onak. Tolosaldeko jendea egoten zen, eta lan asko egiten zuten Luis Galarragak eta beste batzuek txapelketa antolatu ahal izateko. Nik behintzat ilusioz jokatzen nuen. Eskualdetik kanpo ere etortzen ziren pilotariak eta maila ona egoten zen; beste lekuetako pilotariak ezagutzen zenituen, eta aurrera egiteko ilusioa ematen zizun.
Pilotan erakusten-eta aritu zinen?
Bai, Aurrera Saiazen erakusten aritzen nintzen Uzturpe frontoian, tartean Peña eta Arteagari. Umeei-eta ibiltzen nintzen erakusten eta poza ematen dizu ikusteak horrelako txapelketetan aurrera egiten dutela.
Zer iruditzen zaizu gaur egungo Ataria Pilota Topaketa bezalako egitasmoak egoteak?
Oso ondo; uste dut horrelako gehiago egon behar liratekeela. Orain ez naiz asko joaten frontoira, baina uste dut gutxi aritzen direla gaur egun eskuz. Frontoian orduak sartu behar direla iruditzen zait; ni behintzat erabat egoten nintzen frontoian umea nintzenean.