Parranda eginagatik, indarrean dira albizturtarrak

Irati Saizar Artola 2023ko abuztuaren 15a

Herri kirol desafioa egin dute albizturtarrek larrauldarren aurka, festetako azken egunean, eta Albizturko gazteak izan dira garaile, gutxigatik.

Bart indarrak neurtuta edo gabe, fin aritu dira herri kiroletan Albizturko gazteak. Herri kirol desafioa egin dute Larraulgo gazteen aurka, eta tartean izan dituzte, lan horietan aritzen diren aizkolari eta harri jasotzaileak. Besteak beste, Eneko Saralegi eta Eloy Corchero aritu dira aizkoran eta Jon Unanue Goenatxo III eta Jokin Eizmendi harri jasotzen.

Aizkora eta harri jasotzeaz gain, trontzan, ergometroan, lokotx biltzen, sagarrak kixkiaz biltzen, txingetan eta korrika aritu dira gazteak. Albizturtarrak ia proba osoan zehar izan dira aurretik, eta tarte batez larrauldarrak gerturatu bazaizkie ere, herritarrek irabazi dute. Ikustera hurbildu direnek ere herriko gazteak animatu dituzte gehienbat.

Lehiak lehia, giro ederrean pasa dute arratsaldea festetako azken egunean. Gaur amaituko dira jaiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!