Lau egun luze festarako

Endika Apalategi Labayen 2023ko abu. 9a, 20:00

Abuztuaren 12tik 15era ospatuko dituzte festak Albizturren. Lau egunetan, askotariko ekitaldiak izango dituzte ikusgai, horien artean: abuztuaren 14an eskainiko den Pantxo Balbuena mexikarraren emanaldia, Peña eta Iker Zubeldia bertsolariek lagunduta.

Abuztuaren 12an, 18:00etan txupinazoarekin emango diete hasiera festei Albizturren. Egunean zehar, Txaranga Oriaren eskutik egongo den kalejirak, eta Ansorregi eta Larrañagaren eskutik egindako erromeriak alaituko dituzte herriko txokoak. Lehen eguna amaitzeko, sokatira lehiaketa egingo da.

Bigarren egunean, kirolak hartuko du protagonismoa Albizturko Ama Biirjin jaietan. Izan ere, goizean, toka txapelketan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek. Eta, 17:00etan berriz, herriko gaztetxoen dantza emanaldia ikusteko aukera izango da. Azken urteotako ohiturari jarraituz, 18:00etan, Albiztur, Bidania eta Aiako gazteen arteko desafioa jokatuko da, eta 22:00etan berriz, pilota jaialdiaz gozatzeko parada izango dute. Tartean, pintxo potea egingo da indarrak hartzeko.

Abuztuaren 14an mozorro egunaren txanda izateaz gain, gazte eguna ere izango da astelehenekoa. Goizean zehar, trikipoteoa eta gazteen bazkaria egingo da. 16:00tan, espuma festak eta gazteen arteko jokoek hartuko dute protagonismoa, eta eguneko ekitaldirik bereziena 22:00tan izango da, Pantxo Balbuena mexikarrak, Peña eta Iker Zubeldia bertsolariekin batera eskainiko duen emanaldiarekin.

Festen azken egunean izango da Ama Birjin eguna, eta honetako ere gorde dituzte ekitaldiak. Txistularien kalejira eta herriko gaztetxoen pilota partidak izango dira goizean. Arratsaldean, festetako hitzordurik jendetsuena izatea espero da beste behin. Herri kirol proba eta tortilla patata lehiaketan. Jaiei amaiera emateko, 20:00etan sagardo dastaketa egingo da, eta ondoren DJ Hidalgoren emanaldia izango da festak giro ederrean amaitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!