elkarrizketa

«Pilota ikaragarri gustatzen zait, eta ilusioa galdu arte jarraituko dut»

Ataria 2023ko ekainaren 1a

Eneko Labaka eta Daniel Unanua, 2011n, VIII. Hitza Pilota Txapelketan.

Eneko Labakarentzat (Albiztur, 1994) Hitza Pilota Txapelketa jokatzen zituen garaiak oso bereziak izan ziren. Gaur egun Garfe enpresarekin aritzen da pilotan, eta aurreko urtean Munduko Txapelketa irabazi zuen eskuz binaka.

Hemerotekan begiratzen, besteak beste, 2011ko VIII. Hitza Pilota Txapelketa irabazi zenuen Unanuarekin, jubeniletan. Maiza eta Oria izan zenituzten aurkari.

Bai, gogoan dut hori. Eta aurretik beste final bat galdu nuen Jakaren aurka. Berastegiko Aranalderekin batera jokatu nuen final hura.

2008an izan zen, IV. Hitza Pilota Txapelketan, infantiletan. Berez, Zelaia bidaniarrarekin jokatzekoa zinen, baina hark besoa hautsi eta finala Aranaldek jokatu zuen.

Gogoan dut orduan Jakak atzelari bezala jokatzen zuela oraindik. Ni ere atzelari jokatzen hasi nintzen, baina infantiletan-edo hasi nintzen aurrelari bezala. Indar gutxi nuen, mutil txikia nintzen eta aurrelari moduan hasi nintzen jokatzen.

Zer oroitzapen duzu garai hartaz?

Pilotariok sekulako ilusioaren hartzen genuen txapelketa izaten zen. Gipuzkoarrontzat sekulakoa zen, nafarren eta bizkaitarren aurka jokatzen genuen, eta maila handia izaten zen. Horrelako txapelketetan ere ezagutzen zenituen pilotariak eta ezustekoa hartzen zenuen, sekulako maila zutelako.

Aipatutako bi final horien inguruan zer duzu gogoan?

Urduri jartzen nintzen. Unanuarekin jokatu nuen finalean ikaragarri gozatu nuen, baina Jakaren aurkakoan ez. Jaka puntako pilotaria zen, bere aurka irabaztea oso zaila zen, eta inork ez zuen nahi bere aurka lotsagarri geratu. Gogoan dut ere, garai hartan finalak jokatzera joaterakoan eta txapelak ikusten nituenean, oso urduri jartzen nintzela, eta final batzuk galdu nituela. Horrez gain, giroa apartekoa izaten zen Hitza Pilota Txapelketan.

Zer garrantzia dute horrelako txapelketek eta topaketek pilotarientzat?

Guretzat berezia izaten zen, kanpoko beste pilotari batzuekin jokatzen genuelako, agian nafar batekin. Horiek orduan ezagutu egiten genituen, eta lagun berriak egin. Oso oroitzapen onak ditut. Bueltatuko nintzateke berriro ere garai horietara... Adin horretan zure maila hobetzeko txapelketa onak dira, eta esan behar da oso ondo antolatuta zegoela.

Aurtengo Ataria Pilota Topaketan Albizturren partidak jokatzen ari dira. Ikusteko aukerarik izan duzu?

Bai, tokatu izan zait ikustea, eta oso polita izaten da. Adin horretako haurren ilusioa zuriz janztea izaten da.

Egun pilotan jarraitzen duzu Garfe enpresarekin.

Bai, eta horrez gain aukera izan dut azken Munduko Txapelketan parte hartu eta irabazteko. Pilota ikaragarri gustatzen zait, txiki txikitatik horretan aritu gara, eta ilusioa galtzen dudanera arte jarraituko dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!