Egun handia iristear

Imanol Garcia Landa 2022ko ekainaren 23a

VI. Ataria Pilota Txapelketa 1 1655921270275
VI. Ataria Pilota Txapelketa 2 1655921270487
VI. Ataria Pilota Txapelketa 3 1655921270590
VI. Ataria Pilota Txapelketa 4 1655921270712
VI. Ataria Pilota Txapelketa 5 1655921270825
VI. Ataria Pilota Txapelketa 6 1655921270924
VI. Ataria Pilota Txapelketa 7 1655921271024
VI. Ataria Pilota Txapelketa 8 1655921271134
VI. Ataria Pilota Txapelketa 9 1655921271243
VI. Ataria Pilota Txapelketa 10 1655921271340
VI. Ataria Pilota Txapelketa 11 1655921271437
VI. Ataria Pilota Txapelketa 12 1655921271530

Sei finaletan hamabi bikote ariko dira txapelen lehian VI. Ataria Pilota Txapelketaren azken egunean. Albizturko Mendikute frontoian jokatuko dituzte partida erabakigarriak, larunbatean.

Hirurehun pilotari inguruk hasi zuten ibilbidea eta horietatik hogeita lau iritsi dira finaletara. VI. Ataria Pilota Txapelketaren finalak izango dira jokoan larunbat honetan, hilaren 25ean, Albizturko Mendikute frontoian. 10:00etan hasiko da jaialdia eta sei final ikusteko aukera izango da, eskuz zein palaz.

Lehenbiziko partida benjamin B mailako finala izango da, eskuzko modalitatean. Pilotari gaztetxoenak izango dira, beraz, jardunaldia estreinatuko dutenak. Gorriz jantzita izango dira Tolosa CF elkarteko Alustiza tolosarra eta Altuna berrobitarra, eta urdinez Zazpi Itturri elkarteko Artola eta Gorostidi amezketarrak.

Hurrengo partida ere eskuz ariko dira eta benjamin A mailakoek jokatuko dute. Tolosa CF-ko bi bikote ariko dira lehian eta lau pilotariak dira tolosarrak. Gorriz Huarte eta Olaetxea jantziko dira eta urdinez Aldazabal eta Zubelzu.

Hirugarren partidan palaz jokatuko dute, benjamin eta alebin mailakoekin osatutako kategorian. Atzapar elkarteko Mayoz eta Bejarano asteasuarrak ariko dira gorriz eta Txulobi elkarteko Polo eta X. Aburuza adunarrak urdinez.

Laugarrengo finala eskuzko modalitatean jokatuko dute, eta alebin mailako pilotariak ariko dira lehian. Behar Zana elkarteko bi bikote ariko dira nor baino nor txapelen bila. Gorriz jokatuko dute Eizagirre larrauldarrak eta Urkola asteasuarrak, eta urdinez jantziko direnak Iraola asteasuarra eta Iparragirre adunarra izango dira.

Azken bi finaletan pilotari nagusienek neurtuko dituzte euren arteko indarrak, infantil mailakoek, alegia. Bosgarren partidan palaz ariko dira eta gorriz jantziko direnak Lasa eta Goikoetxea bidaniarrak izango dira, eta urdinez Juantorena albizturtarra eta Luluaga altzotarra.

Seigarren eta azken finalean eskuz ariko dira; Tolosa CF elkarteko Perurena ibartarra eta Caminos tolosarra gorriz jantziko dira, eta Intxurre elkarteko M. Elola altzotarra eta Tolosa CF elkarteko B. Elola albizturtarra urdinez.

Sari banaketaren unea berezia izaten bada finalistentzat, are gehiago beren erreferente diren pilotariak izaten badira sariak banatzen dituztenak. Jokin Altuna amezketarra, Erik Jaka lizartzarra, Miren Larrarte bidaniarra eta Itxaso Erasun zizurkildarra izango dira txapelak eta garaikurrak banatuko dituztenak. Finalistek beraiekin argazkia ateratzeko aukera izango dute, eta sari banaketaren amaieran, ohi denez, familia argazkia aterako da finaletako parte hartzaile guztiekin.

ATARIA IRRATIA ZUZENEAN

VI. Ataria Pilota Txapelketaren finalak bertatik bertara ikusteko aukera ez duenak, Albizturko frontoian gertatzen denaren berri jakiteko beste modu bat izango du. Aurreko finaletan egin zen moduan, ATARIA IRRATIA-k zuzenean emango ditu larunbateko finalak. 10:00etan bertan hasiko da emanaldia eta uhinen bitartez FM-ko 107.6ean edota Internet bidez Ataria.eus webgunean jarraitu ahalko da.

Frontoian bertan daudenak, finalak ikusteaz gain aukera izango dute zozketa batean parte hartzeko. Egunean bertan txartelak izango dira salgai eta irabazleak Errigora produktuen saski bat eramango du etxera.

Eskualde izaera nabarmena du Ataria Pilota Txapelketak, eta bi urtez antolatu gabe izan ondoren, berriro jarri da martxan aurten. Hain justu, Tolosaldeko pilota elkarteek azaldu duten prestutasunaren ondorioz jarri ahal izan da martxan eta gauzatu ahal izan da beste behin.

Txapelketak duen eskualde izaera horren adierazgarri, hamabi herritan jokatu dira partidak aurtengoan: Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Bidania-Goiatz, Ibarra, Larraul eta Tolosa. Aurreko bost finalak herri ezberdinetan jokatu dira eta aurtengoan Albizturri egokitu zaio.

Ataria.eus webgunean atal berezi baten bitartez txapelketaren nondik-norakoak jarraitu ahal dira, eta finalean gertatzen denaren informazioa eta argazkiak ere bertan jasoko dira.

DATUAK

  • Finalak. Albizturko Mendikute frontoian, ekainaren 25ean, 10:00etatik aurrera.
  • Ordena. Finalak horrela jokatuko dira: benjaminak B, eskuz; benjaminak A, eskuz; benjaminak eta alebinak, palaz; alebinak, eskuz; infantilak, palaz; eta infantilak, eskuz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!