ERREPORTAJEA

Erramu hostoen artean ondo gordeak

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko uzt. 29a, 07:58
Emilio Latorre, Ane Albisu eta Mikel Prieto, Elena Tuduriren argazki kamerarekin batera, Albizturko Goikoetxea baserriko egongelan. GOTZON URIA

Elena Tuduri tolosarrak 1920. urtean idatzi zuen, unibertsitateko ikasketen amaierako lanerako. Ia ehun urtez gordeta egon da lan hori, Emilio Latorre Zubiri bilobak, 2017an edizio eta argitalpen lanak egin zituen arte. Ehun urte geroago, iazko udan, Tuduriren argazki kamerak bide bera egin zuen Albizturko Goikoetxeara. Kasu honetan, ordea, alboan izan ditu Emilio Latorre biloba, Mikel Prieto historialaria eta ikertzailea, eta Ane Albisu jantzien ikertzailea. Guztiak elkartu ziren Goikoetxea baserriko egongelan, pianoarekin, eta baita aurkikuntza izan diren emakume baserritarren arropekin ere. 

Ane Albisuk 40 bat urte daramatza jantzien ikerketan eta beste hainbat ikerketen artean festarako erabiltzen diren jantziei arreta berezia eskaini dio. Orain dela 15 urte horri buruzko liburua argitaratu zuen, eta orain doktore tesia egiten ari da. Bere ikerketa lanean, aipatu du behin baino gehiagotan topo egin zuela Elena Tuduriren izenarekin, baina inondik inora ez zuela aurkitzen bere libururik. Ezin aurkitu, ez baitzen liburu bat, baizik eta ikasturte amaierako tesi lana egin zuen Elena Tudurik, eta ez zen argitaratua izan.

Bere ikerketa lanerako atera zuen argazkietako bat, Goikoetxea baserriko pianoarekin. ELENA TUDURI

Ane Albisuk kasualitatez Elena Tuduriren senitarteko batekin topo egin zuela kontatu du: «Horrek bideratu ninduen Emiliorengana Latorre, eta Emiliok zuen bere amonaren izkribu originala». Gerora, Madrilen gordeta duten beste ale bat ere ikusi ahal izan du. «Elena baino askoz beranduago jaioa naiz, eta horri buruzko landa lanik ez zegoen eginda». «Eginiko ikerketekin ondorio batzuetara iritsi nintzen, eta Elenaren liburua irakurri nuenean, ikusi nuen berak ondorio horiexek idatzita zituela», azpimarratzen du Albisuk, eta «berak aztertuta zituen, bera egon baitzen jende horrekin. Nik, ordea, ez neuzkan, eta alde batetik eta bestetik atera behar izan nituen aipaturiko ondorioak». Pertsonalki, «nire lanaren oinarri bat eta bide onetik nindoala frogatzea izan da», dio.

Urtetako lanaren emaitza, egina zegoen landa lan batekin frogatu ahal izan du Albisuk, eta euskal gizartearentzat Elena Tuduriren lana «ekarpen handitzat» du. «Landa lana delako. Gure eskualdeko duela 100 urteko jantziei buruzko landa lan bat, eta batik bat, horrelakorik ez dagoelako; eta are gehiago, emakume batek egindako lana delako».

«Gizon batek egin izan balu ziur asko argitaratuta egongo lirateke», zehaztu du. Elena Tuduri Eusko Ikaskuntzan sartua egon zen, eta emakume «oso aurrerakoia» izan zen. «Garai hartan analfabeto asko zegoen, eta emakume honek unibertsitateko ikasketak egiteko aukera izan zuen», gaineratzen du Albisuk. Ez irakasle izateko, baizik eta irakasleei erakusteko ikasketak egin zituen.

Ehun urte egin behar da atzera, eta Tuduri, bere ikerketa egiteko argazki kamera hartu eta baserriz baserri ibili zen emakumea izan zen. «Meritu handia» dauka dio Albisuk, eta ez horrek bakarrik, baita «hortik atera zituen emaitzak» ere. Tolosaldean, Goierrin eta Bizkaiko Arratian ibili zen Tuduri tolosarra. Aitzindarietako bat izan zen, Visitacion Viñesekin batera.

«Niretzat Elena Tuduri gure jantzien publikazioen egoera honetan oso-oso garrantzitsua da», nabarmentzen du Albisuk: «Ikerketa lan oso ona izan zen».

Prieto, giltzarri

Mikel Prieto historialaria izan da guztiaren lotura edota zubi-lana egin duena. Albizturren ikerketa lan handiak egiten ari da, eta bazuen, Emilio Latorrek hiru urte atzera egin eta argitaratu zuen liburuaren berri. Nola ez, bere ikerketa lanetarako Prieto izana da Goikoetxea baserrian, eta egongelan zela, eta pianoa ikustean, Tuduriren liburuaz oroitu zen, eta bertan ikusiak zituen argazki batzuez. «Elenaren liburuan argazki pila bat daude, baina aurkitu egin zuen tokia, eta oso hunkigarria izan zen», kontatu du Albisuk.

Ostean, Gotzon Uriak, arropa batzuk aurkitu zituela esan zioten. «Arropa horien artean, argazki horietan ateratzen zen soinekoa zegoen», gehitzen du. Albisuk Tuduriren liburua lerroz lerro eta argazkiz argazki mamitua du. «Mikelek esan zidanean existitzen dela toki hori eta soineko hori izugarria izan zen; ezin nuen sinetsi, oso-oso hunkigarria izan zen».

Hitzordua egin zuten Goikoetxea baserrira joateko, eta «soinekoa atera zidatenean... ezin da deskribatu». Beste edozeinentzat, agian, trapu bat baino ez zela izango adierazi du, baina «Elena Tuduri oso-oso garrantzitsua da niretzat. Bestalde, honelako aurkikuntza bat egitea handia izan da». «160 urteko soinekoak ez dira hain erraz aurkitzen».

Bi aurkikuntza

«Soinekoak bakarrik aurkituta jada ikaragarrizko aurkikuntza izango litzateke, baina gainera, soineko horiek liburu bateko argazki batean, berak esaten duen moduan baserritar aberatsak nola janzten ziren ilustratzeko egoteak balio erantsia esleitzen die», argitzen du.

Maria Latorre, Elena Tuduriren birbiloba Goikoetxea baserrian agertu diren jantziekin. IÑIGO ROYO

Elena Tudurik Goikoetxea baserriko emakumeari atera zion argazkia duela 100 urte. ELENA TUDURI

Orain urtebete izan zen aurkikuntza, eta harrez gero elkarrekin egin duten bideak lotu ditu Albisu, Prieto eta Latorre: «Oso polita izan da». Prieto ikertzailea, Latorre Tuduriren biloba eta Albisu, duela sei urtetik, Tuduriren lanaren jarraitzaile dira. «Hiruron artekoa bikaina izan da», dio, eta hiruren artean Reencuentro con Elena Tuduri en la casa Goikoetxea cien años depués artikulua idatzi dute.

Era berean, momentu hori ere argazki bidez jaso nahi izan dute, eta hirurek, Albizturko Goikoetxea baserriko pianoaren alboan, eta Tuduriren argazki kamera pianoaren gainean jarrita atera zuten argazkia. Horrez gain, Iñigo Royok Tudurik ateratako jantziei ere argazkiak atera dizkie. Tudurik baserriko emakumea modelo lanetan jarri zuen modura, hauek, Elena Tuduriren birbiloba den Maria Latorre jarri dute modelo moduan.

Arroparen garrantzia

Bai hemen eta baita kanpoan ere, maiz, arropari lotutakoari ez zaiola «behar duen arreta ematen», dio Albisuk. «Badirudi askorentzat arroparena azaleko kontua dela». «Bai sozialki, psikologikoki, baita kulturalki ere arropari dagokionak pisu handi-handia du, eta ez zaio ematen normalean behar duen garrantzia», azpimarratu du. «Guri iruditzen zaigu balioan jarri behar dela», gaineratu du. «Arropa horiek guganaino iritsi izana» eta «Goikoetxean bizi izan direnek gorde izana, Gotzonek esan zuen moduan, oso ondo, erramu hostoen artean gordeta». 

Elena Tudurik pianoa jotzen duen emakumeari atera zion argazkiko jantzi bera da. IÑIGO ROYO

Prietok aztertu du Goikoetxea baserria, eta hainbeste urtean «bizirik eta familia beraren eskuetan iraun duen etxea, etxe moduan eredugarria izan da», dio Albisuk. Nabarmendu du, Prietok Albizturren egin duen lanarekin balioan jarri dituela Albiztur eta bertako etxeak.

Orain, hiruren artean idatzi duten artikuluarekin, etxe bat, familia bat eta familia horrek mantendu duena jarri nahi izan dute balioan; «ez ditu bakarrik mantendu soinekoak, mantendu du liburutegi bat, mantendu ditu artxiboak… eta gure kulturarako eta gure herrirako egin duen ekarpena», kontatu du Albisuk. Bestetik, Elena Tuduriren ekarpena legoke, eta «momentu honetan, soineko horrek elkartzen ditu biak», dio. Bi ekarpenak soineko hori aurkitu izanak lotzen dituela argitu du. Bi argazki atera zituen Tudurik. Baina soineko gehiago dira aurkitu direnak.

Gero etorri da Albisuren lana. Irakurketa egin du Tudurik lana egiteko moduaz. Duela 100 urte idatzitako lanari, ordea, liburu forma Latorrek eman zion: «Emilioren lana bikaina izan da». Liburuaren irakurketaz gain, Elena Tudurik Goikoetxean ere zer egin zuen aztertu du. «Hori da galdera. Zergatik joan zen horra? Eta zer egin zuen? Eta zergatik aukeratu zuen soineko hau? Nire lana hor egon da». Soinekoa, emakumea, garaia,... irakurketa bat egitea egokitu zaio.

Soinekoak eta argazkiak ikusita, eta Prietoren lanari esker eskuartean ditugun paper eta beste elementu batzuk iradokitzen dutenez Goikoetxeakoek: «Janztekoari garrantzi handia ematen zioten eta aurkitutako soinekoak oso-oso aberatsak dira; oihalaren aldetik eta josteko moduaren aldetik». 

Nekazarien janzteko modua aztertu nahi izan zuen Tudurik. «Hortik modako jantzietara ortzadarraren antzeko zerbait egon daitekeela esan dezakegu, eta Elenak berak esaten zuen bezala, baserrietan eta herrietan bizi ziren emakume aberatsek moda jarraitzen zuten. Nekazariak ez ziren janzten beti estilo berean. Elenak hori zioen, eta argazki horretan hori irudikatu nahi izan zuen».

Normala den moduan, ez dira gorde egunerokoan janzten zituzten arropak. «Gordetzen dena dotoreena da», «aurkitu direnak zetazkoak dira, baina argi dago artilezko soinekoak edo kotoizkoak ere edukiko zituztela». Oihalak izugarri berrerabiltzen zirela ekarri du gogora. «Elenak orri bat eskaini zienerako jakitun zen etxe gehiagotan ere horrelako jantziak izango zirela; kontua da ez direla gorde edo ez zaizkigula iritsi». Lehen arropak eta oihalek balio handia zutela esan du, eta «oso ondo aprobetxatzen zituztela».

Ez da Albizturkoaren kasua, baina bilduma askotan gonak ez direla agertzen kontatu du: «Gonetan, tela asko zegoen eta gauza asko egiten ziren». Albizturko aurkikuntzan gonak ere egoteak balioa eransten diola nabarmendu du.

Argazkietako bi trajeak baino gehiago dira kutxan gordeta agertu direnak: «XIX. mendeko garai ezberdinetakoak dira, hiru edo lau bat hemeretzigarren mende erdialdekoak dira; ez dira bakarrak garai hartakoak, eta ondorengo urteetakoak ere badaude».

Jantziez gain, kapelak, mantuak, poltsak, abanikoak,... osagai ezberdinak agertu dira. «Elenak mantuei garrantzia handia eman zien, eta horiek ere agertu dira», esan du Albisuk, baita «haria egitekoa, eta josteko mila gauza». Aurkitutako material guztia dela eta, Albisuk garbi du etxe horretan josten zela. Janztekoez gain, etxerako arropa ere ugari agertu da: «Oherako arropa oso ederra dago; ohegainekoak, oherako gortinak, eta ez edozein moduko gortinak gainera».

Idatzi duten artikulurako balorazio lana egin du, baina oraindik ere ikerketarekin aurrera jarraituko du Albisuk. Horrez gain hitzaldiren bat ematea aurreikusia dute.

Erlazionatuak

Goikoetxea baserriaren altxorrak

Eneritz Maiz Etxarri 2021 uzt 29 Albiztur

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!