ERREPORTAJEA

Goikoetxea baserriaren altxorrak

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko uzt. 29a, 07:57
Albizturren kokatutako Goikoetxea baserria. E. MAIZ

Albizturko Goikoetxea baserrian duela 160 bat urteko emakumeen jantziak aurkitu dituzte kutxa batean gordeta; jantzi horiek Elena Tuduri tolosarrak, duela 100 urte, bere argazki kamerarekin argazkitan jaso zituen euskal jantzien gaineko ikerketa ilustratzeko.

Elena Tudurik (Tolosa, 1893) duela 100 urte egin zuen ikerketa lan bati lotuta egin da aurkikuntza Albizturko Goikoetxea baserrian. 100 urtetik gora dituzten jantziak aurkitu dira baserriko kutxa batean ondo gordeta. Tuduriren ikerketa duela lau urte argitaratu zuen bere biloba Emilio Latorrek, eta liburuko 75. orriko argazkiak eraman ditu Albizturrera Emilio Latorre bera, Ane Albisu jantzien ikertzailea eta Mikel Prieto historialaria. Eta Goikoetxea baserriko atea Gotzon Uria Laskibarrek ireki die, bertako oinordekoak. Elena Tudurik duela 100 urte Albizturrera egin zuen bidaian, Euskal Herriko jantzien gaineko ikerketa egiten ari zen, eta Goikoetxea baserriko argazkian ateratzen dena aldeana rica moduan aurkezten du.

Gotzon Uria Laskibar da Goikoetxea baserriko oinordekoetako bat. Bere familiaren aurreko belaunaldiez galdetuta, «ezer gutxi nekien», aitortu du. Jaiotzez azkoitiarra da Uria, eta ama zuen Albizturko Goikoetxea baserrian jaioa. Hala ere, baserrira asko joaten zela kontatu du. «Eskolara hasi bitartean ni baserrian hazitakoa naiz, eta euskara bera ere Albizturkoa dut gehienbat», dio. Eta eskolara hasi eta gero ere, «asteburuetan beti baserrian egoten nintzen».

Goikoetxea baserriko belaunaldietan atzera egin behar da aurkitu diren emakumeen jantzi horien berri izateko. «Nire amaren aitona, hau da, nire birraitona izan omen zen diputatu», argitu du. «Bere bidaiak Erromara edo Parisera egiten omen zituen», eta «nire ama gogoratzen zen umetan nola karro handi batekin etortzen ziren bere aitonaren bila, batera edo bestera eramateko», azaltzen du Uriak. Jose Laskibar zen bere birraitona.

Horretaz aparte, inoiz ez diotela garrantzia gehiagorik eman adierazi du Uriak. «Beti horrela ezagutu dut baserria». Eta gaineratzen du: «Oraingoaren aldean, gainera, askoz ere hobeto». Orain, kontu gutxiago egin zaiola kontatu du, eta gogoan du: «Nire ama etortzen zenean, beti, belauniko jarri eta argizaria eman eta mendafina pasa eta... Astero-astero egiten zuten, eta uda iristen zenean koltxoiak askatu, eta artilea atera-eta aritzen ziren».

Ezohiko baserria

Uriak amona eta izeba ezagutu zituen baserrian bizitzen, eta Uriaren familiak oso maiz egiten zuen baserrirako bidea. Ez da, ordea, ohiko baserria. Egongelara sartu eta piano bat dago, besaulki dotoreak aurrez aurre dituela. Horrez gain, ikasketadun jendea bizi izan dela erakusten dute hormetan zintzilik dauden tituludun koadroek. Irakasle, albaitari edota musikariak bizitu izan dira Goikoetxea baserrian.

Aberastasunen gainean ezer ez zela hitz egiten familian adierazi du Uriak, eta amari ez ziola sekula entzun baserritar aberatsen konturik. Bai kontatu du, lau-bost baserri errentan zituztela, eta bere amak esan izan ziola nola San Tomas egunaren bueltan errenta ordaintzera joaten zirela maizterrak baserrira. Mahai handiak zabaldu, eta otordu eder bat ematen zietela guztiei. Aldiz, maizterrek, kapoiekin-eta ordaintzen zieten errenta, eta hurrengo egunean, etxeko gazteak, Tolosako azokara joaten zirela kapoiak-eta saltzera dirua izateko.

Aitortu du, falta, ezer ez zitzaiela falta izan bere aurreko belaunaldiei. Horrez gain, «gure ama-eta bost anai-arreba izan ziren, eta hiruk ikasketak egin zituzten. Albaitari bata, eta beste biak irakasle izan ziren. Aitona ere musikako ikasketak egina zen, eta hor daude paretan nonbait tituluak», esan du. Ikasketak eginiko jendea zen Laskibar familia, eta Uriak aipatu duenez, txekor eta txerriren batzuk hazten ikusi baditu ere, berak ez du sekula baserritik bizitzen inor ezagutu. «Nire ama umea zenean baserri moduan funtzionatzen zuen, baina morroia zuten bere gela eta guzti», dio. Eta zalantzekin gaineratu du, «nire amonak edo birramonak ere, neskamea izaten omen zuen hura ere bere gelarekin».

Ez ziren jakitun

Gaur egungo familia ez da jakitun izan baserrian zuten balioarekin. Kutxa eta armairu asko izan badirela bai, baina arropa konturik ez diotela inori entzun esan du Uriak. Duela lau urte arte izeba bertan bizi izan da: «Oraindik egutegia hor dago 2017ko martxoan».

Goikoetxea baserriko paretetan familiaren ikasketa tituluak zintzilik daude. E.MAIZ

Kuxkuxeroa izan dela aitortu du, eta etxe handia ikustean, denak ireki eta ikusten ibilia dela. Egongelaren alboko gelako kutxan arropak ikusiak zituen, baina ez zuen horrelakorik pentsatu. «Arropa hauen aurretik liburu bilduma izan zen, eta haiek aldundiak eraman zituen», argitu du.

Jantziak urteetan gorde dituen kutxa. E.MAIZ

Mikel Prieto historialariaren bidez iritsi zitzaion arropen albistea, eta argazki bat tarteko izan zen. Argazkiko jantzia ikustean, «ezaguna egin zitzaidan», dio. Orduan, arropa horiek ateratzen hasi zen, eta «uste dut Mikel, arropa horiek hemen daudela» esanaz deitu zion historialariari. Orduan lotu zen guztia. Mikel Prieto historialaria Albizturko bere ikerketa lanak tarteko, aurretik egona zen Goikoetxea baserrian. Argazkia ikertzean, «Albiztur jartzen du, piano hanka hori... esan zidan, eta etorri ginen, konparatu genuen, eta bera da», eta «atzeko koadroek ere oraindik kointziditu egiten dute». Orduan hasi zen ikerketa, eta 100 urte atzera egin eta lotura guztia egin zuten iazko udan.

Orduan elkartu ziren Latorre, Prieto eta Albisu Goikoetxea baserrian, eta artikulu bat argitaratu dute orain: Reencuentro con Elena Tuduri en la casa Goikoetxea cien años depués. Argazkia atera zela 100 urte bete ziren iaz, beraz, jantziek urte gehiago dituztela aurreikusten da. Ane Albisu ikerlaria aritu da azterketa lana egiten. Esaterako, jaka bat aurkitu dute eta Albisuk XIX. mende hasieran kokatu du; beste jantzi batzuk XIX. mendearen bigarren zatikoak direla, eta beste batzuk XX. mende hasierakoak azaldu du Uriak. Orain, balioa hartu duten arropak dira. «Nik ez nion garrantzirik eman; arropa zahar batzuk daude txukun-txukun jasota», pentsatu zuen Uriak irekitzean. Amari eta izebei ere ez ziela inoiz arretarik deitu aitortu du. Baina, «norbaitek gorde zituen gorde behar ziren moduan», azpimarratu du. Ilunpean, tenperatura onean eta erramu hosto artean egon dira. «Hainbeste urte pasata egoteko, nahikoa kalitate onean daudela esan du Anek», gaineratzen du oinordekoak.

Gotzon Uria, Goikoetxea baserriko oinordekoetako bat. E.MAIZ

Dohaintzan eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari jantziak, «berriz hemen gordez gero, badakit, denbora gutxi barru pipiak jan edo usteldu, eta galdu egingo liratekeela». Nahiago izan du Goikoetxearen izenean, norbaitek ardura hartu eta ondo mantenduta izatea. Arropa dezente eraman zituztela, eta azken finean, zaintzea nahi du. «Anek izugarrizko balioa eman zien, eta pozten naiz».

Albizturren jende askok ezer ez dakielakoan dago Uria. Eta bestetik, oraindik, baserri askotan egon litezkeela arropa zaharrak gordeta ere adierazi du: «Hemen azaldu badira, beste batzuetan ere egon daitezke».

Baserriaren egitura

Laskibar familiak Gotzon Uriaren eskuetan utzi du guztia, «ez dute ia ezer jakin nahi», nabarmendu du. Uriari pena ematen dio guztia hondatzen uzteak, baina baserri handia dela, eta diru asko behar dela guztia behar bezala mantentzeko dio.

Prietoren bidez, baserriaren egitura aztertzera ere joanak dira Goikoetxeara, eta egitura aldetik ere «altxorra» dagoela esan diote. Baserria bi zatitan egina da. Dolarearen garai bateko estruktura ere oraindik osorik mantentzen da, baina «urte gutxi barru goitik behera doa hau», azpimarratzen du. Aldundia kasu honetan ere azterketa lanak egiten ari dela aurreratu du, eta egurrak aztertzen ari direla baserria noizkoa den jakiteko.

Baserri askotan ibilia dela kontatu du Uriak, eta bereak, «guzti honek, lehen zer edo zer bazela erakusten du», onartu du. Laskibar abizena bertan mantenduz, 1.500. urte ingurutik, hamahiru belaunaldi hazten ikusi ditu Goikoetxea baserriak. Orain, guzti honekin, Goikoetxea baserriaren historia borobiltzea gustatuko litzaioke Gotzon Uriari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!