Albizturko Bizkor guraso elkarteak IV. Babarrun jatea antolatu du hilaren 16rako. Albizturko produktu preziatua babarruna izanik zerbait egin behar zutela eta hasi ziren eguna antolatzen. Bertako produktua bultzatzeaz gain, guraso elkarteak dituen gastuetarako dirua biltzea dute xede, festa egun honekin.
«Aldez aurretik egin behar diren prestaketetan, eta egunean bertan gurasoak aritzen gara. 27 familia gaude, eta taldetan banatuta aritzen gara lanean», azaldu du Garbiñe Kerejeta guraso elkarteko kideak. Erantzun ona izan du aurreko hiru alditan egunak, eta aurtengorako ere gogoz antolatu dute. «Aurten bazkariarekin hasiko dugu eguna. 14:00etan izango da Albizturko frontoian. Bazkariari jarraipena emateko bingo jokoa antolatu dugu, bai ume eta helduentzako, eta jarraian helduentzako mus txapelketa jarri dugu», dio Kerejetak, eta «umeentzako joko batzuk ere antolatu ditugu, eta giro ona egoten da» gaineratu du.
Txartelak udaletxean edota Elane jatetxean daude salgai. Udaletxean bihar arte izango da erosteko aukera, eta Elane jatetxean igandera bitarte mantenduko dituzte. «Aurten hiru preziotan banatu ditugu txartelak. 0-12 urte artekoek, 10 euro ordaindu beharko dute. 12-15 artekoek, 15 euro eta 15 urtetik gorako guztiek, 22 euro», argitu du.
Albizturrera babarrunak bere sakramentu guztiekin jatera joatera animatu nahi dituzte guraso elkartetik, bai herritarrak eta baita kanpotarrak ere. Eta bukatzeko, frontoian berogailua jarri izaten dutela azpimarratu dute.