Zortzi herrietatik barrena, Hernio inguratuz

Irati Saizar Artola 2018ko maiatzaren 13a

Erniopeko Zortzi Herrien Arteko XI. Mendi Ibilaldia egin dute 145 lagunek. Antolatzaileak "kezkatuta" agertu dira jende kopuruaren beherakadarekin. 

Bi urtez behin egiten da Hernioren magalean dauden zortzi herrietatik barrena ibilaldia. Irteera eta helmuga puntuak Albizturren jarri dituzte. Ibilbide luzeko 54 mendizaleak  06:00etan atera dira, eta 48 kilometroko itzulia egin behar izan dute. Ibilbide laburreko 91 lagunek, aldiz, 08:00etan izan dute irteera ordua, eta 25 kilometro osatu dituzte. Orain arteko edizio guztietan parte hartu duten bi lagunek egin dute gaurkoa ere, eta haietako batek esan duenez, ez du inoiz hainbeste lokatz eraman botetan.

Aurreko urteekin alderatuta, parte hartzaileen kopuruak nabarmen egin du behera, eta Ixidro Lertxundi antolatzaileetako batek "kezkatuta" daudela adierazi du: "Ez da eguraldiaren aitzakia soilik izan. Ibilaldi eta martxa hauetara jende gaztea ez da etortzen, dirudienez, gazte jendeak nahiago ditu mendiko lasterketak". Balorazio bat egitekotan geratu dira eta agian, birplanteatu egin beharko dute. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!