Udaberriari festa giroan emango diote ongietorria Albizturren

Imanol Garcia Landa 2018ko mar. 14a, 08:50

Albizturren gazte kuadrilla batek bultzatuta, Udaberri Festak egingo dituzte lehen aldiz; martxoaren 16tik 18ra ospatuko dituzte, herri afaria izango da.

Lehenengo aldiz antolatu dituzte Udaberri Festak Albizturren. Hiru egunetan ospatuko dituzte: ostiraletik igandera bitarte. «Abuztuan izaten dira herriko festak eta luzeegi egiten zaigu beste ospakizunik ez izatea. Gatzgabe samar geratzen da urtea, eta asteburu bat beteko duen festa egitea pentsatu genuen», azaldu du Aitziber Orbegozok, antolakuntzan ari den taldeko kideak.

Gazte kuadrilla batek erabaki zuen Udaberri Festak antolatzea. Bere asmoen berri zabaltzean, «hasieran, herrian, ezustean hartu zen festa batzuk orain, martxoan, antolatzea», esan du Orbegozok. «Baina, azkenean, ondo ikusi da asteburu batean zerbait egitea. Zeozer egin behar zela ikusten genuen, eta espero dugu, behintzat, jendea animatzea, horretarako prestatu ditugu-eta». Aurrera begira errepikatzeko asmoa dutela esan dute antolatzaileek. «Kezka pixka bat ere badugu nola aterako ote diren festak, baina jarraitzeko asmoa dugu».

PARTE HARTZEKO EGITARAUA

Txupinazoarekin hasiko dituzte festak ostiral arratsaldean, eta ondoren trikitilariekin kalejira egingo dute. Herri afaria etorriko da jarraian, eta bi menu izango dira: helduentzat, 22 eurotan, eta haurrentzat, 12 eurotan. Txartelak erosi daitezke Elane jatetxean eta herriko ostatuan, eta horretarako azkeneko eguna gaur da. Frontoian afalduko dute eta bertan izango da ondorengo erromeria.

Larunbaterako egun guztirako egitaraua prestatu dute. Hasteko, herri krosa izango da eta bertan haurrek zein helduek parte hartu dezakete. Izen ematea 10:00etatik 10:30era egin behar da. «Ez da izango kros bat marka egiteko edo, ondo pasatzea da helburua», esan du Orbegozok.

Krosaren ondoren pintxo potea egingo dute herriko trikitilariekin, eta herriko hiru tabernetatik pasako dira. «Abuztuan, festetan, ere egiten dugu pintxopotea, eta oso giro ona izaten da». Bazkaria pintxoak janez egingo dute festazaleek, eta gero, arratsaldean, haurrek euren tartea izango dute puzgarriekin eta meriendarekin.

Gauerako pintxo lehiaketa izango dute, batetik, eta ondoren sagardo dastaketa. Pintxo lehiaketan parte hartu nahi duenak, gutxienez mota bakoitzeko zortzi pintxo eraman behar ditu. Sormena lantzea eskatu dute, eta gehienez 20:30erako eraman beharko dira pintxoak. Sagardo dastaketari dagokionez, norberak bere afaria eraman behar du eta sagardoa antolakuntzak jarriko du. Egunari amaiera emateko Xabi Galarraga herritarrak, DJ Urkik, jarriko du giroa.

Azken egunean, ekitaldi bakarra prestatu dute: herriko haurrek pilota eta pala partidak jokatuko dituzte eguerdian.

Antolakuntzatik ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute, lehenengo Udaberri Festari bultzada eman eta aurrera begira berriro ere antolatzeko.

EGITARAUA

Martxoak 16, ostirala
18:00. Txupinazoa.
21:00. Herri afaria. Ondoren, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak.

Martxoak 17, larunbata
11:00. Herri krosa. Ondoren, pintxo potea trikitilariek alaituta.
17:00. Puzgarriak eta merienda haurrentzat.
21:00. Pintxo lehiaketa eta sagardo dastaketa. Ondoren DJ Urki.

Martxoak 18, igandea
12:30. Herriko umeen pilota eta pala partidak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!