Gizonezko baten gorpua aurkitu dute Albizturren, errepide ondoan

Ataria 2016ko otsailaren 25a

Segurtasun Sailak ATARIA-ri jakitera eman dionez, goizeko 07:00etan, bizilagun batek GP-2634 errepide ondoan (Albiztur) gorpu bat antzeman duela jakinarazi du. Euskadi Irratiaren arabera, 35 urte artekoa da gizonezkoa.

Gorpua Albiztur eta Santutxoko bidegurutzearen artean zegoen, eta inguruan ez dute beste ezer topatu. Ertzaintza eta anbulantziak bertaratu eta medikuak baieztatu du gizonezkoa hilda zegoela. Epailea eta mediku forentsea ere bertan izan dira.

Segurtasun Sailak aurreratu bezala, "hildakoaren gorpuak traumatismoak ditu, buruan zein gorputzean" eta gertatutakoa argitzeko ikerketa abian du Ertzaintzak. Polizia Zientifikoa ere gerturatu da gorpua topatu duten lekura.

Hasiera batean, ibilgailu batek harrapatu duenaren hipotesia nagusitu bada ere, hipotesi guztiak zabalik ditu Ertzaintzak. Zantzu guztien arabera, "indarkeriak eragindako heriotza" dela jakinarazi du poliziak. Bien bitartean, autopsia egitera eraman dute gorpua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!