Adunako jaiak 2026

Festak hasteko egunak zenbatzen ari dira Adunan

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko abuztuaren 9a

Haurren krosa eta sagardo dastaketa egin dituzte gaur, festak hasi aurreko igandean; 37 haurrek parte hartu dute lasterketetan eta hamar sagardo dastatzeko aukera izan da.

Andre Mari festak hasteko atzera kontaketaren azken txanpan sartuta daude adunarrak. Hala ere, urtero bezala, jaiak hasi aurreko asteburuan murgilduta daude, eta ekitaldiz betetako egunak izaten ari dira. Atzo, 80 urtetik gorako herritarrak omentzeko ekitaldi xumea egin zuten plazan. Gaur, berriz, txekor jatea izango da ekitaldi nagusia. 14:00etan hasiko da, eta 150 lagun inguru elkartuko dira frontoian elkarrekin bazkaltzeko. 1979. urteaz geroztik egiten duten ekitaldia da.

Txekorra jan aurretik, ordea, sagardo dastaketa egin dute eguerdian, herriko trikitilariek girotuta. Gipuzkoako hamar sagardotegietako sagardoak dastatzeko aukera izan da; horietatik hiru eskualdekoak izan dira: Asteasuko Sarasola eta Adunako Zabala eta Aburuza. Aiako Satxota, Urnietako Altuna, Ataungo Urbitarte, Astigarragako Larrarte, Etxeberria, Bereziartua eta Petritegi izan dira gainerakoak. Sagardoaz gain, txorizo pintxoak jateko aukera izan da. Pixkana, geroz eta jende gehiago animatu da dastaketara.

Eta sagardo dastaketaren aurretik, haurren krosaren txanda izan da. 2 eta 12 urteko 37 haurrek parte hartu dute, lau mailatan banatuta. 2-6 eta 7-8 adin tarteetako haurrek itzuli bana eman diote zirkuituari. 9-10 eta 11-12 adin tarteetakoek, berriz, bina itzuli eman dizkiote.

Arratsaldean, toka txapelketa eta trikitilarien bi saio izango dira Adunan; tartean, txekor jateko afaria egingo dute. Hau da arratsalderako egitaraua:

  • 18:00. Toka txapelketa herrikoia.
  • 19:30-21:00. Enaitz Alberdi eta Julen Rueda Erkizi trikitilariaren erromeria.
  • 21:00. Txekor jateko afaria.
  • 22:30-01:00. Enaitz Alberdi eta Julen Rueda Erkizi trikitilariaren erromeria.

Erlazionatuak

Haurrak lasterka, eta helduak sagardoa dastatzen

Josu Artutxa Dorronsoro abu 09, 13:16 Aduna

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!