Adunako jaiak 2026

80 urtetik gorako adunarrak omendu dituzte

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko abuztuaren 8a

Udalak eta jai batzordeak antolatuta, ekitaldi xumea egin dute herriko plazan, eta zenbait adunarren aitortza jaso dute adineko herritarrek.

Adunako Udalak eta jai batzordeak, zenbait herritarren laguntzarekin, 80 urtetik gorako adunarrak omendu ditu, lehen aldiz. Gaur eguerdian ekitaldi xumea egin dute herriko plazan, Andre Mari festen atarian. Lehenik eta behin, Kristina Rodriguez alkateak gogoan izan ditu gaur plazan egon nahi baina ezin izan duten herritarrak.

Udal talde osoaren eta jai batzordearen izenean, ondorengo hitzak eskaini dizkie alkateak omenduei: «Zuen aurrekoak lehenik eta ondoren zuek gauzak egiteko izan duzuen moduagatik da herri hau den bezalakoa. Adunak herri txiki eta goxoa izaten jarraitzen du. Nortasuna duen herria da, zuei eskerrak, herria eraiki eta zaindu duzuelako. Zuek zaindu dituzue baserriak, baratzak, sagastiak, mendiak, eskola txikia, gure kultura, jaiak, kirola... eta nola ez, euskara bizirik mantendu duzue. Zuek ondorengoei transmititutako balioei esker mantentzen ditugu guk ohitura horiek ere, eta espero dugu guk ere berdin egitea datozen belaunaldientzat. Herriaren eta udalaren izenean, eskerrik asko zuetako bakoitzak herriari egindako ekarpenagatik. Izan zaretelako, Aduna gara».

Hitzartzearen ondoren, udal taldeko kideek gaurko egunerako egindako zapi berezi bana jarri diete omenduei. Jarraian, agurra dantzatu diete herriko dantzariek, eta herritar guztiek elkarrekin bi kantu abestu dituzte: Aberriaren mugak eta Behin betiko. Amaitzeko, bi argazki egin dituzte plazan, udaletxea atzean zutela. Lehenik, 60 urtetik gorako herritarrak eta udal taldeko kideak jarri dira argazkirako. Ondoren, omenaldira joan diren herritar guztiek elkarrekin egin dute argazkia. Une honetan, 60 urtetik gorako herritarren bazkaria egiten ari dira, Joxe Mendizabal musikariak alaituta; guztira, 63 lagun elkartu dira.

Arratsaldean, berriz, XXI. Adunako Esku Pilota Txapelketako eta VI. Paleta Txapelketa Caldererias Aburuza Sariko finalak jokatuko dituzte frontoian. 16:00etan hasiko da lehen partida, eta guztira bost izango dira. Hauek izango dira partidak:

  • Benjaminak: Otermin-Ropero (Txulobi) vs. Zuriarrain-Nazabal (Zazpi Itturri)
  • Alebinak: Gorostidi-Balerdi (Zazpi Itturri) vs. Aizpurua-Eskudero (Tolosa)
  • Infantilak: Olano-Barriola (Bergara-Txulobi) vs. Lizarralde-Egiguren (Ilunpe)
  • Kadete eta jubenil neskak (paleta): Miranda-Elola (Hernani-Intxurre) vs. Goikoetxea-Etxarri (Behar Zana-Txulobi)
  • Kadeteak: Eizagirre-Illarramendi (Behar Zana) vs. Mantzisidor-Iparragirre (Lapke-Behar Zana)

Festak ofizialki ostegunean hasiko badituzte ere, biharko zenbait ekitaldi antolatu dituzte adunatarrek, besteak beste txekor jatea:

  • 11:00. Txiki krosa.
  • 12:00. Sagardo dastaketa herriko trikitilari eta pandero jotzaileek alaituta.
  • 14:00. Txekor jateko bazkaria.
  • 18:00. Toka txapelketa herritarra.
  • 19:30-21:00. Enaitz Alberdi eta Julen Rueda Erkizi trikitilariaren erromeria.
  • 21:00. Txekor jateko afaria.
  • 22:30-01:00. Enaitz Alberdi eta Julen Rueda Erkizi trikitilariaren erromeria.

Erlazionatuak

«Izan zaretelako, Aduna gara»

Josu Artutxa Dorronsoro abu 08, 15:16 Aduna

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!