Zer irakurketa egiten duzu Adunako ibilgailu parkearen azken 10 urteetako datuez?
Oro har, azken hamarkadan herria bera eta industriagunea handitu diren moduan, datuak ere handitu dira. Estatistika oso orokorrak dira, eta Adunako datuetan eragina dute industriaguneko ibilgailuek. Industriagunean enpresetako kamioi, furgoneta eta auto mordoa dago. Beraz, ez dira zenbaki errealak, puztuta daude.
Bestetik, egia da herrian ere kotxe kopurua hazi egin dela, eta nabari dugu urtetik urtera aparkalekuetan leku aldetik justuago ibiltzen garela. Baina, bizi garen tokian bizita, ez dago besterik. Irisgarritasunean urratsak eman ditugu, eta autobusak igarotzen dira herritik, baina maiztasuna ez da nahiko genukeena. Herritarrek ezin dute autobusez edozein ordutan edozein tokitara joan.
Hori dela eta, 16 urte inguruko seme-alabaren bat duten etxe askotan motozikleta daukate, beharrezkoa denean erabiltzeko. 18 urte egiten dituztenean, gurasoekin partekatzen dute autoa, baina gerora, euren autoa izateko beharra sentitzen dute.
Eskualdeko herrietatik 1.000 biztanleko ibilgailu parke handiena du, 1.700 ibilgailurekin; biztanleko ia bi daude. Eta autoen kasuan, bigarrena da.
Bai. Etxe edo familia askotan pertsonako kotxe bat izaten dute, batez ere, etxeko kide guztiak lanean hasten direnean. Bestetik, baserrian bizi direnek, han lan egiten dutenek edo ehizara joaten direnek, kotxeaz gain, lur orotako ibilgailua izaten dute, eta kasu batzuetan baita traktorea ere. Horiek dira datuak horiek izatearen arrazoiak, eta zaila da kopuruak behera egitea.
Adunan, autobus zerbitzua mugatua denez, eta tren zerbitzurik ez dagoenez, normala izango da auto gehiago egotea.
Bai, eta badira egoera kaskarragoan dauden beste herri txiki batzuk, noski. Oinez joateko bidegorri bat badaukagu, eta horrez gain, eskaripeko autobus zerbitzua daukagu, ordu jakin batzuetarako; egia da lanera edo ikastera beste herri batera joaten direnentzat ez duela balio. Ordu erdiro autobus bat edukiko bagenu, ziurrenik erabiliko genuke lanera joateko. Hori dela eta, zoritxarrez, behar baino kotxe gehiago ditugu herrian, baina ezinbestekoa zaigu. Mugikortasun aldetik, saiatzen gara etxe berekoen edo herritarren artean ordutegiak bateragarriak direnetan autoa partekatzen, baina gutxitan gertatzen da hori.
Bestetik, Tolosara ikastera joaten diren herritar gazteen kasua dago. Autobusez joatekotan, Villabonara joan behar dute lehenik, eta gero han Asteasutik abiatzen dena hartu. Duela bi urte, ordea, gazteek esaten zuten autobus hura gainezka joaten zela eta ezin izaten zutela Tolosara iritsi. Autobus zuzen bat eskatu genion Lurraldebusi ikasleak Tolosara eramateko, baina uko egin zion aukera horri. Orduan, egun jakin batzuetan, gurasoek eraman behar izaten zituzten seme-alabak autoz, eta oraindik ere gertatzen da hori. Saiatzen gara gurasoek autoa partekatu dezaten, haurrak multzoka eramateko.
Furgoneten eta kamioien kasua esanguratsua da. Lau herritarretatik batek du furgoneta, eta ia hiru herritarretatik batek kamioia. Halare, tentuz aztertu beharreko datuak dira.
Herritar batek dauka kamioi propioa, kamioilaria delako. Furgonetak, berriz, herrigunean ez ditugu asko, bistan egongo liratekeelako. Herri txikia gara, eta badakigu bakoitzak zer ibilgailu daukan. Ondorioz, industriaguneko enpresenak edo langile autonomoenak direlako ibilgailu horietako gehienak.
Kontua da herritar gazteak herrian geratzea nahi dugula, baina lanerako edo ikasketetarako autoa behar izaten dutela. Hortaz, normala izango da geroz eta auto gehiago egotea herrian.
Herri txiki batean bizitzearen oztopo nagusia da. Kasko batean dago Aduna, eta egia da oraingoz ondo moldatzen garela, baina urteek aurrera egin ahala, eta biztanleriak gora eginez gero, erne egon beharko dugu. Gainera, ia leku guztietara joateko kotxea erabiltzeko ohitura daukagu. Ordu erdiro autobusa eduki eta hartuko bagenu, barne-ariketa bat egin beharko genuke, baina momentuz ez daukagu halako aukerarik, eta herritar guztiak kotxea erabiltzera ohitu gara. Eta kotxerik izango ez bagenu, hurrengo belaunaldiak ez lirateke herrian biziko.
Landa eremuko herri gehienen errealitatea da. Nahiko zenukete, akaso, etxe bakoitzean auto bat izatea, baina ez da bideragarria.
Eskualdeko herri handietan ere gauza bera gertatzen da. Tolosaldeko datuak begiratuta, etxe askotan nahiko lukete auto bakarra, are gehiago, mantentze-kostuak geroz eta garestiagoak direnean, baina bizimoduaren arabera ia ezinezkoa da hori gertatzea. Adunan, gainera, momentuz ez daukagu dendarik herrigunean, industriagunean bakarrik dago, eta hara joateko ere nolabait mugitu behar dugu.
Lehen aipatu duzu udalean erne zaudetela, batez ere, aparkalekuetan leku aldetik justuago ibiltzen zaretelako. Ibilgailu parkearen datuek eraginik izan dezakete herrian?
Lanean ari gara, zenbait kasutan, behintzat, autoa gutxiago erabiltzeko aukerak emateko. Esaterako, adinekoak medikuarengana edo inguruko herrietara joan behar dutenerako zerbitzu bat jarri nahiko genuke, batez ere senideei laguntza emateko. Alternatibaren bat eskaini nahiko genuke. Bilerak egiten ditugu Lurraldebus zerbitzuarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta herri txikietara maiztasun handiagoarekin iristeko saiakerak egiten ari dira. Kontziente gara autobusak egunero ezin duela guk nahi adina aldiz igaro herritik, baina lanean jarraituko dugu, erraztasun handiagoak emateko helburuarekin.
Oro har, eskualdean, hazi egin da ibilgailuen parkea. Zer pentsatua ematen dizute datuek?
Noski. Geroz eta auto gehiago ditugu, horiek erabiltzea ohitura bilakatu zaigulako, baina nola ez gara ohituko tren eta autobus zerbitzuak kaskarrak eta garestiak badira? Eta horrela jarraitu bitartean, alperrik ariko gara. Lehen, trena hartzeko ohitura handiagoa zegoen, zerbitzua oso ona zelako, eta fidagarria, gaur egun ez bezala. Urte batzuk barru, zerbitzu publikoa indartuta ere, baliteke berandu izatea, gazteriak autoa erabiltzeko geroz eta ohitura handiagoa duelako.