Ibilgailuak Saretzen

Adunan eta Albizturren daude 1.000 biztanleko auto eta motozikleta gehien, hurrenez hurren

Ataria 2026ko ekainaren 19a

Adunan herritar bakoitzeko ia bi ibilgailu daude, eta Albiztur da 1.000 biztanleko motozikleta gehien duen Hego Euskal Herriko herria, 396rekin; 1.000 biztanleko auto gutxien duten herrien artean Tolosa 18.a da, 431rekin.

Datu kazetaritza lantzeko helburuarekin EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen sareak elkarlanean egiten duten proiektua da Saretzen, eta bertan parte hartzen du ATARIAk. Hamargarren Saretzen honetan ibilgailuen bilakaera landu dugu.

Eusko Jaurlaritzak eta Trafiko Zuzendaritzak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herriko ibilgailu kopurua etengabe igo da hamarkada batean. 1.000 biztanleko ibilgailu ratioak gora egin du; biztanleria hazi arren, asfaltoaren okupazio-erritmoa azkarragoa izan da. 2014an 648 ibilgailu zeuden 1.000 biztanleko; 2024an, berriz, 673.

13 herritan, biztanleak baino ibilgailu gehiago

Tolosaldean 37.923 ibilgailu zeuden 2024an, hamar urte lehenago, aldiz, 33.426 ziren; % 13,5 hazi da ibilgailuen parkea. 1.000 biztanleko ibilgailu kopurua herriz herri aztertuz gero, Aduna nabarmentzen da, 1.778rekin. Belauntza eta Albiztur ditu atzetik, hurrenez hurren, 1.478 eta 1.451 ibilgailurekin.

2014an, eskualdeko bost herritan zeuden biztanleak baino ibilgailu gehiago; 2024an, berriz, 13 herritan. Hamar urtean Orendainek izan du hazkunde handiena; % 63 hazi da ibilgailuen parkea. 2014an 138 ibilgailu zeuden bertan, eta 2024an 225.

Bi biztanleko, auto bat

Ibilgailuen artean, autoa da errege. Hego Euskal Herrian, bi biztanleko auto bat dago; hazkundea motela da, baina ez du etenik. Tolosaldean ere gauza bera gertatzen da: batez beste, 498 auto daude 1.000 biztanleko. Eskualdean % 16 egin du gora auto kopuruak. 2014an 21.653 turismo zeuden; 2024an, berriz, 25.115. 

Eskualdean, Belauntza da 1.000 biztanleko auto gehien duen herria: 759. Gertu ditu Aduna (738), Albiztur (738) eta Elduain (719). Lau herri bakarrik daude eskualdeko batez bestekoaren azpitik: Ikaztegieta (494), Alegia (483), Amasa-Villabona (460) eta Tolosa (431). Azken hau, 1.000 biztanleko auto gutxien duen Hego Euskal Herriko 18. herria da. Hala ere, hamar urtean % 15 igo da bertan auto kopurua. 2014an, 7.533 zeuden; 2024an, berriz, 8.665.

Lau herritarreko furgoneta bat Adunan

Autoekin batera, gora egin du furgoneta kopuruak eskualdean. % 18 hazi da. 2014an, 2.708 furgoneta zeuden eskualdean; 2024an, berriz, 3.202. Hala ere, kopurua ez da igo eskualdeko herri guztietan; sei herritan behera egin du. Berastegin 16 gutxiago daude, Alkizan zazpi gutxiago, Belauntzan sei gutxiago, Albizturren lau gutxiago, Gaztelun bi gutxiago eta Bidania-Goiatzen bat gutxiago.

Tolosaldean, batez beste, 63 furgoneta daude 1.000 biztanleko. Ratio horretan, Aduna dago lehen postuan, 250 furgonetekin; hau da, lau herritarreko furgoneta bat dago. Larraul dago bigarren postuan, 166rekin. Tolosaldean bost herri daude eskualdeko batez bestekoaren azpitik: Alegia (53), Amasa-Villabona (52), Ibarra (48), Zizurkil (47) eta Tolosa (36).

Albiztur, motozikleten erreinu

Hala ere, bi gurpildun ibilgailuetan gertatu da benetako iraultza. Hiri-mugikortasunaren aldaketak eta trafiko-pilaketek bultzatuta, motozikleta kopuruak inoizko hazkunderik handiena izan du, eta Gipuzkoak marka historikoa ezarri du. 1.000 biztanleko 100 motozikleta baino gehiago daude: 105,2.

Albiztur da Hego Euskal Herrian 1.000 biztanleko motozikleta gehien duen herria, 396rekin; ia bost herritarreko bi daude. Guztira, 130 motozikleta daude bertan, 2014an baino ia 50 gehiago; 86 zeuden orduan. Tolosaldeari dagokionez, % 44 egin du gora motozikleta kopuruak; herri guztietan hazi da. 2014an 2.740 motozikleta zeuden eskualdean; 2024an, berriz, 3.945.

Ziklomotor eta kamioi gutxiago

Motozikletek gora egin duten bitartean, hamar urtean jaitsi egin da ziklomotor kopurua; beherakada jarraitua izan da. Garai batean gazteen eta hiri-garraioaren ikur zena, desagertzeko bidean da, araudi berriek eta motozikleta arinen irisgarritasunak eraginda. Eskualdean % 25 egin du behera ziklomotor parkeak. 2014an 887 ziklomotor zeuden eskualdean; 2024an, berriz, 665.

Lau herritan gora egin du kopuruak, baina oso gutxi: Elduainen hiru gehiago daude, Ibarran bi gehiago, eta Orendainen eta Orexan bana gehiago. Herriz herriko datuei dagokionez, gaur egun, 1.000 biztanleko ziklomotor gehien Hernialden dago: 49. Belauntza dago bigarren postuan, 48rekin. 2014an lehen postuan zegoen Belauntza, 68 ziklomotorrekin, eta Amezketa zen bigarrena, 63rekin.

Kamioi parkeak ere % 25 egin du behera eskualdean. Kasu honetan, nabarmenagoa da jaitsiera, kopurua handiagoa delako. 2014an, 3.602 kamioi zeuden eskualdean, eta 2024an ia 1.000 gutxiago daude: 2.674. Ibarran jazo da jaitsiera handiena; ia erdira jaitsi da kopurua: 301etik 174ra. Tolosan ere nabarmen jaitsi da, herena baino gehiago. 1.036 kamioi egotetik 662 egotera igaro dira hamar urtean. Bestalde, lau herritan hazi egin da kopurua, baina oso gutxi: Orendainen bost gehiago daude, Asteasun lau gehiago, eta Alkizan eta Baliarrainen bina gehiago. 

Landa-eremuan, eredu alternatiboen beharra

Herrigunearen eta landa-eremuaren artean mugikortasun arrakala handia dago. Herri handietan ibilgailu kopuruak egonkortu diren bitartean, landa-eremuko herri txikietan dependentzia absolutua da. Bataz besteko datuek oso bestelako bi errealitate ezkutatzen dituzte. Landa-eremuko herrietan pertsonak baino ibilgailu gehiago daude; horietan, ibilgailu pribatua ez da aukera bat, ezinbesteko tresna baizik, besteak beste garraio publikoaren gabezia dela eta. Landa-eremuko herrietan garraio eredu alternatiboak garatu ezean, hala nola, eskaripeko garraioa edo autoa partekatzea, hiper-motorizazioak bere horretan jarraituko du. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!