Gehigarria: Gastronomia

Kalitatezko gorputza duen sagardoa

Ataria 2025eko azaroaren 9a

Sagardo munduan erreferentziazkoa den horietako bat da R. Zabala sagardotegia. Adunako Goiburu auzoan dago, natura eta paraje zoragarriez inguratuta.

 Bertan, 200 urte baino gehiago daramatzate lanean, eta gaur egun, Martin eta Luis Zabala Bengoetxea anaiek gidatzen dute sagardotegiko lantaldea. Ekoizpen onena lortzearren, berrikuntza handiak egin dituzte, bai egitura mailan eta baita puntako teknologia duen makineria eskuratuz ere; baina beti ere, tradizioa mantendu dute.

200 urtetako esperientziari eta sagarrondo landaketan egindako esfortzuari esker, lortu dute egungo produktu izarra: zapore eta gorputz handiko sagardoa. Erraz edaten den sagardoa izanik, 6 gradu alkohol ditu, eta Zabalan hiru mota eskaintzen dituzte; horietako bat da etiketa berdeko jatorrizko sagardoa, sagarren muztio naturalaren artziduratik lortutako edaria, milaka urtean Euskal Herrian egin eta kontsumitu dena; beste bat etiketa gorriko euskal sagardo naturala da, %100 bertako sagarrarekin egindako goi-kalitatezko sagardo naturala; eta, azkenik, R. 80 izeneko etxeko sagardo berezia. Horrez gainera, Sagarlup izeneko eskaintza ere badute. «Muztiotatik lupulatzen da eta sagardoaren bilakaera aldatu egiten da», azaldu du Luis Zabalak. Momentuz, boteilan saltzen duten arren, laster latan ere saltzen hasiko direla jakinarazi du. Horiek sagardotegian ez ezik, rzabala.com webgunean ere erosi daitezke.

Edanaz gain, jatekoa ere badute sagardotegian; txorizo pintxoa, tortillak, bakailao frijitua piper berdeekin, bakailao tomatearekin –ajoarriero erara–, txuleta eta gazta, intxaurrak, sagar menbriloa eta hojaldrezko palmera txikiak. Nobedade bezala, astelehenetik ostiralera bakailao trontzoa parrillan eta bakailaoa saltsan prestatzen dituzte, aldez aurretik eskaera eginda.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!