Gehigarria: Gastronomia

Tostada eta 'bowl' bereziak, leku lasai batean

Ataria 2025eko azaroaren 8a

Aurtengo maiatzean ireki zuten Adunan Txantxane taberna-kafetegia. Jon eta Oier Irazu anaia adunarrek dute ardura. Berezitasunetako bat dira gosariak, eta bi mota dira nagusi: tostadak eta bowl edo katiluak.

«Tostadetan arrakasta gehien izaten ari dena pan tumaca da, hau da, ogia, olioa, tomatea eta urdaiazpikoa. Hori bera ahuakate xehatuarekin ere eskaintzen dugu. Horiez gain, beste tostada batzuk ere oso goxoak daude: ohikoa, gurina eta marmeladarekin, eta Nutella eta frutekin», diote Txantxanekoek.

Bowl edo katiluei dagokionez, bi oinarri dituzte: jogurta eta açaia. «Brasilgo fruta mota bat da açaia, more kolorekoa, eta oinarria lortzeko bere mamia jogurt eta platano pixka batekin nahasten dugu». Bi oinarri horien gainetik fruta edota zerealak jartzen dituzte. «Oso gustura hartzen dituzte katiluak, eta açaia leku gutxitan eskaintzen denez, hori jatera propio etortzen da jendea». Infusioez eta kafeaz gain, te matcha eskaintzen dute.

Ohiko taberna zerbitzua ere eskaintzen dute, eta garagardo mota ugari dituztela nabarmendu dute: «Mundu berri bat irekitzen da garagardoekin. Tartean Euskal Herrian egiten diren bi artisau garagardo ditugu». Denda zerbitzua ere badute, eta mota askotako ogiak: «Herrian okindegirik ez dagoenez, hein batean zerbitzu hori ematen dugu».

Astelehen, asteazken eta ostegunetan 09:00etan zabaldu eta 21:00ak arte irekita dago, eta asteburuetan 23:00ak arte. Atseden eguna asteartea dute. Terraza zabala dute Txantxanen, eta herri txiki bateko lasaitasunaz gozatzeko aukera ematen du. Barruan ere badute eroso egoteko lekua: «Barruko terraza dugu, kristalarekin inguratua. Eguraldi txarra edo hotz egiten duenean, hor babestuta egoteko». 

  • Helbidea. Herriko Plaza 3  (Aduna)
  • Telefono zenbakia. 644 16 55 23
  • Instagram. @Txantxane

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!