Sexu esplotazioa jasan duten emakumeei babesa helarazi diete Adunan

Leyre Carrasco 2024ko abuztuaren 6a

Adunako Udalak eta herritarrek deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute Adunan, herriko prostituzio etxe batean 18 emakumek jaso duten sexu esplotazioa eta zapalkuntza salatzeko.

Atzo, Espainiako Poliziak 18 emakume askatu zituen Adunan, sexu explotazio eta droga trafikoarekin zerikusia zuen operazio batean. Albiste horren ostean Adunako herria berehala mobilizatu zen, eta gaur arratsaldean herritar ugari elkartu dira plazan, erasoa salatu eta biktimei babesa helarazteko.

«Oraindik edonon entzuten ditugu emakumeen aurkako mota askotako erasoak, baita hemen ere, eta oso larria gainera», esan dute. Adunako herriak emakumeen aurkako explotaziorik ez duela onartzen aldarrikatu dute, «ez dugu onartuko emakumeak zapaltzen duenari ere, ez Adunan eta ez inon».

Hori dela eta, «tinko» salatu dute atzoko gertakaria eta, aldi berean, herriaren babesa eskaini diete biktima guztiei: «Herriaren besarkada indartsua eta txalo zaparrada bat egunero erasoak jasaten dituzten emakume guztiei. Aske bizi nahi dugulako. Nahikoa da, erasorik ez, ez Adunan eta ez inon».

Horren ostean, hamar minutuko isilunea egin dute, eta abesti bat ere jarri dute.

Amaitzeko, Kristina Rodriguez Adunako alkateak hartu du hitza eta gaurko elkarretaratzearekin bat egin duten guztiei eskerrak emanez hasi da. «Goizean goiz Ertzaintzarekin jarri gara harremanetan baina ezin izan digute informaziorik eman, eta zerbait jakin bezain laister udalarekin harremanetan jarriko direla esan digute», jakinarazi du alkateak.

Zurrumurru asko zabaldu direla gehitu du, «baina guk informazio gehiagorik ez dugu, beraz, orain pixka bat itxoin beharra dugu». Hala ere, udalak eta herriak kasuari jarraipena egiten jarraituko dutela esan du, «emakumeen egoeraz kezkatuko gara, eta saiatuko gara, ez Adunan eta ez inon, horrelakoak berriro ez daitezela gertatu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!