Sagardo dastaketa egingo dute igandean Adunan

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 29a, 07:57

Tolosaldeko Turismo sailak antolatu du ekitaldi gastronomikoa eta sagastiak bisitatu eta sagardoa dastatzeko aukera izango da

Tolosaldeko sagardo dastaketa egingo dute igandean Adunan. Herriaren erdigunetik abiatuko dute txangoa eta sagarrondoen sekretuak arakatuko dituzte. Tolosaldea Turismoa, Euskadi Basque Country Gastronomika eta Gipuzkoa Turismoak babestu dute ekitaldi berezia eta parte hartu nahi dutenek tokia erreserbatu beharko dute 943 697 413 telefonora deituta edota tour@tolosaldea.eus helbidera idatzita.

Adunako Zabala eta Aburuza sagardotegietako sagardogileek gidatuko dituzte bisitariak ibilbidean zehar eta sagastien zaintzaren inguruko lanak azalduko dituzte, besteak beste. Ondoren Unai Agirre Euskal Sagardoa izendapenaren koordinatzailearekin batera, Tolosaldeko sagardoen dastaketa bat egingo dute: Aburuza eta Zabalako sagardoez gain, Isastegi, Eguzkitza, Goikoetxea eta Sarasolako sagardoak ere gehituko dira esperientziara.

«Tolosaldea sagardoen lurraldea ere bada, eta bereziki sagarrondo lurraldea», aipatu dute ekimenaren antolatzaileek. Bisitak bi orduko iraupena izango du eta edukiera mugatua denez lekua erreserbatzeko deia luzatu dute. Igandean 11:00etan abiatuko dute ekimena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!