20 lagun inguru elkartu dira gaur Adunan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek deitutako mobilizazioan, asteartean Goiburu auzoko sagasti batean lan istripu baten ondorioz gertatutako heriotza salatzeko. Sindikatuetako kideez gain, udal ordezkariek eta inguruko enpresetako langileek bat egin dute deialdiarekin, eta sasoiko langileen lan osasuna bermatzea eskatu dute.
Bertaratu direnek babesa adierazi diete hildako langilearen senitarteko, lagun eta lankideei. «Aurten jada 38 dira bizia galdu duten langileak eta ikusten dugu lehen sektorea dela sektore kaltetuena. Arazo handia dago eta neurri faltaren ondorio da», azaldu dute.
Asteartean hildako emakumea «sasoiko langilea» zela nabarmendu dute: «Askotan, sasoiko langileentzat, lan-eremua eta erabiltzen duten makineria berriak izaten dira, baita lana bera ere. Kasu horietan, administrazioak edo patronalak aplikatzen ez dituen neurrien ondorioz, kondenatuta daude beraien lana arrisku handiagoarekin egitera».
Ondorioz, sektorean beharrezkoak diren neurriak exijitu ditzan eskatu diete Osalani eta lan ikuskaritzari. «Alde batetik, sektoreari dagokion beharrezko formakuntza espezifikoa jasotzea. Sarritan, makinak erabiltzen dituzten lehen aldia izaten delako, eta beraz, jakinduria handiagoa eduki ahal izateko. Bestetik, makineriaren kontrol zorrotza eramatea. Neurri horiek patronalak aplikatu beharko lituzke, eta horrela, langileek ahalik eta modu seguruenean egin ahalko lukete lana, arriskuak gutxituz».