Elkarrizketa

«Hasi nintzenean ez nuen espero profesional izatera iritsiko nintzenik»

Imanol Garcia Landa 2023ko mar. 2a, 11:59

Argazkia: ORIAMENDI 2010

Larunbatean debuta egingo du Jon Irazuk (Aduna, 1999) erremontista profesional bezala. Berria Erremonte Txapelketa hasiko da etzi eta bertan hasiko du bere ibilbidea Irazuk. Oriamendi 2010 enpresak kudeatzen du Galarreta frontoian jokatzen den erremontea, eta beraiekin sinatu du aurrelariak urte bukaera arte.

Aurreko azaroan elkarrizketa egin genizun, profesionalekin partida bat jokatu zenuelako Villabonan. Oraingoan, profesionaletan debuta egingo duzulako.

Bai, hau beste pauso bat da, dudarik gabe. Aurrekoan tarteko zerbait zen, profesionalekin lehen partida zelako, baina lagunarteko partida bat zen. Oraingoan ofiziala izango da partida, eta hemendik aurrera esan dezaket profesionala naizela.

Erremontean jokatzen hasi zinenean pentsatu zenuen profesionalen artean ariko zinela?

Egia esan, hasieran ez nuen uste puntu honetara iritsiko nintzenik. Afizioz hasi nintzen, eta gero iritsi zen une bat serioago hasi nintzela, gero eta entrenamendu gehiago egiten nituen, eta azkenean debutaren momentua iritsi da. Hemendik aurrera entrenamendu gehiago izango ditut, arlo fisikoa lantzeko ere bai. Kontuan ere hartu behar da beste lan batekin partekatu behar duzun kirol bat dela, beraz, ez zaude ehuneko ehunean horretara. Baina hasten zara fisikoki gehiago prestatzen, txapelketak ere badaude urtean zehar, eta helburu batzuk finkatzen joaten zara.

Debuta txapelketa batean izango da.

Bai, Berria Erremonte Txapelketa hasiko da larunbatean. Esan daiteke, bigarren mailako txapelketa dela. Goizuetako Zubiri erremontista beteranoarekin ariko naiz.

Zer asmo duzu txapelketarako? Beste erremontistak ezagutuko dituzu, ezta?

Bai, batzuekin afizionatuetan ere bat egin nuen, baina ordudanik denbora pixka bat ere pasa da. Ezagutu denak ezagutzen ditut, azkenean frontoi berean entrenatzen dugulako. Baina lehenengo helburua mailan kokatu, esperientzia disfrutatu eta ahal den gehiena ikastea izango da. Besteak dira beteranoak eta uste duk gauza asko izango ditudala ikasteko.

Orain entrenamenduetan beste jauzi bat egingo duzunez, horrek ere ahalbidetuko du zure maila hobetzea.

Hori espero dut, behintzat, nire maila koska bat igotzea. Ondoren izango da partidak jokatu eta entrenatzea, eta denborarekin espero dugu hobetzea.

Afizionatu bezala aurreko asteburuan jokatu zenuen azken partida, hain justu, afizionatuen arteko txapelketaren finala.

Bai, eta ez genuen irabazi. Pena bat izan zen, baina ez zitzaigun egunik onena atera. Azkenean, afizionatua zarenean txapelketa bat izateak ere beste motibazio bat ematen dizu, eta hori izan zen txapelketa horretako garrantzitsuena eta positiboena.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!