Eskualdeko hiru pilotari, Berria Erremonte Txapelketan

Ataria 2023ko martxoaren 2a

Guztira sei bikote ariko dira Berria Erremonte Txapelketan. Eskualdeko hiru erremontista izango dira bertan, eta horietako bik debuta egingo dute profesional mailan. Jon Irazu aurrelari adunarrak Zubirirekin jokatuko du; Odei Arregi atzelari tolosarrak Zaldua II.arekin, eta debuta egingo duen eta Berrobin bizi den Aritz Eskudero andoaindar atzelariak Loitegirekin jokatuko du.

Sei bikoteak bi multzotan banatuko dira, eta eskualdeko hiru pilotariak B taldean daude. Etzi, martxoak 4, 16:30ean hasita eta Galarreta frontoian, izango da lehen jardunaldia, eta bertan elkarren aurka ariko dira Eskudero eta Irazu. Odei Arregi eta bere bikotekideak martxoaren 11n sartuko dira lehian, 16:30ean hasiko den jaialdian, eta aurreko partidako irabazleen aurka jokatuko dute. B multzoko hirugarren jardunaldia martxoaren 25ean izango da, eta lehen jardunaldiko galtzaileak eta Arregi eta bere bikotekidearen aurka jokatuko dute. Horren ondoren, multzoko lehen bi sailkatuak finalerdietara pasako dira.

Apirilaren 1ean jokatuko dira finalaurrekoak, eta bertan multzo bateko lehen sailkatuak beste multzoko bigarren sailkatuaren aurka neurtuko ditu indarrak. Finala apirilaren 8an izango da.

Jon Irazu eta Aritz Eskudero. ORIAMENDI 2010

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!