Gazte prekarietatea borrokatzeko tresna gisa azaldu da LAB

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 18a, 13:39
Iturria: @Irizar_emobility_borrokan

Atzo hasi ziren lanean Irizar e-mobility lantokiko langileak, 22 greba egun eta gero, lan baldintzetan onurak lortuz. Gatazka horrek gazteek lan esparruan bizi duten prekarietatea agerian utzi duela esan du LAB sindikatuko Igor Arroyo idazkari nagusia ondokoak.

Adunako Irizar e-mobility lantokiko bataz besteko adina 27 urtekoa da eta Igor Arroyok esan du langile horien lan baldintzak zegokiena baino kaskarragoak zirela grebara jo aurretik. Gazteen lan baldintzak emakumeek edota langile migranteek bizi dutenekin alderatu ditu, gogoratuz gazteen kasuan lan baldintzetan arrakala nabarmena ematen dela. 25 urte azpiko langabezia tasa %28koa dela esan du Arroyok, 25 urte azpiko gazteek urtean 13.000 euro gordin baino ez dituztela jasotzen –bataz besteko soldata baino ia 16.000 euro gutxiago–, eta emakume gazteen kasuan adinaren araberako arrakalari sexuaren araberakoa gehitu behar zaiola, izan ere, 25 urte azpiko emakumeek adin bereko gizonezkoek baino %14 soldata baxuagoak dituztela.

Gazteen lan baldintzak ikusita esan du LABek gazte prekarietatearen aurka borroka sindikal gehiago pizteko apustua egiten duela. Gogoratu du eskulan merkean oinarritutako eredu ekonomikoaren ondorio bat dela, patronalak estrategia desberdinak erabiltzen dituela etekinak areagotzeko: azpikontratazioa, soldata eskala bikoitzak, kontratu partzialak, kaleratze merkea... "Egoera hau iraultzeko antolakuntza eta borroka sindikala egitea ezinbestekoa da, Irizar e-mobilityn egin duten bezala". Adunako langileek egindako greba ez dela nolanahikoa esan du Arroyok: "Greba zabal eta aktiboa izan da, lantegitik harago zabaldu dena, elkartasuna bilatu duena, gazte esparruan aliantzak bilatu eta aurkitu dituena. Irirzarren borrokatu duten langileek, nagusiki gazteak, argi utzi dute ez daudela prest bizi osorako prekarietatea kondenatu nahi dituen lan harreman eredu hau ontzat emateko".

LABek Irizarrekoa bezalako grebak sustatuko dituela esan du, baina borrokatzeko baldintzak ez direnez berdinak lantokiz lantoki edo eremuz eremu, hori kontuan hartuta LABek eredu sindikala egoera berrietara egokitzen ari dela esan du eta eremu bakoitzari egokitutako antolakuntza eta borroka eskaintza egingo duela, "beti egoera bakoitzari egokituriko borroka molde eraginkorrenak bilatuz".

Horiek horrela, Euskal herrian lan harremanetarako esparru propio bat eraiki beharra dagoela esan du, "gazte prekarietatea eta oro har, lan esplotazioa gure herritik ezabatu ahal izateko". Era berean, Irizar taldean irekita dagoen beste auzia konpontzeko deia egin diete Adunako langileek, Irizarreko zuzendaritzari, Alconzako 25 kaleratzeak bertan behera uzteko eskatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!