Irizar e-mobility greban

Irizar e-mobilityko langileek greba bertan behera utzi dute

Ataria 2022ko maiatzaren 16a

Enpresa batzordeak ituna sinatu du zuzendaritzarekin, eta bihar itzuliko dira lanera.

Adunako Irizar e-mobilityko langileek greba mugagabea bertan behera utzi dute, eta bihar itzuliko dira lanera, zuzendaritzarekin ituna sinatu ostean.

22, greba egunean sinatu dute ituna. "Egunak luze eta gogor joan dira baina merezi izan du", azaldu dute langileek. Sinatu duten itunak "nabarmen" hobetzen dituela lan baldintzak adierazi dute, argi utziz, langileen mugimendua "ezinbestekoa" izan dela: "itun hau ez zen posible izango greban egon garen 180 langile guztion konpromiso eta borrokarik gabe". Halaber,  eragile sozial eta politiko ezberdinek erakutsi dieten babesa eskertu dute."Argi geratu da beste behin ere langile borrokaz lortzen direla langileon eskubideak eta greba egiteak merezi izaten duela", esan dute.

Hona hemen akordioaren edukiak:

  • Promozio prozedurak objektiboak eta automatikoak izatea, lan berdinak soldata berdina izango duela bermatuz.
  • Malgutasuna nabarmen mugatzea.
  • Kontziliazioan hobekuntzak lortzea.
  • Txandakako plusa ezartzea.
  • Lan osasunean konpromisoak lortzea.
  • Soldata igoera: KPItik gorakoak 3 urterako.
  • Bidaietarako baldintzak hobetu eta berdintzea.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!