Irizar e-mobility greban

"Geldirik dago produkzioa"

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko api. 25a, 13:25

Adunako Irizar E-mobility lantokiko langileek lan baldintzak hobetzeko greba mugagabeari hasiera eman diote, gaur. "Jarraipen oso zabala izan du", adierazi dute enpresa batzordetik, eta aurreikuspenak bete dituztela. Hurrengo egunetara begira langileek batzarra egin behar dute.

Adunako Irizar E-mobility enpresako langileak urtarrilean hasi ziren enpresako itun berria negoziatzen, eta bilera batzuk egin eta adostasunik ez zutela lortzen ikusita, greba mugagabeari ekitea erabaki zuten. Greba mugagabearen lehenengo eguna dute, eta "jarraipen oso zabala eduki du", azpimarratu du Unai Goikoetxea enpresa batzordeko kideak, eta "ekoizpena geldirik dago". Tailerrera lehen orduan "gutxi batzuk" sartu direla aitortu du, baina aurreikuspenak bete dituztela esan du, eta "erantzun oso ona" izan duela.

"Baldintzak hobetze aldera enpresak ez zuen pausorik ematen eta gure eskaerak baztertzen zituen", azaldu du Goikoetxeak. Horrez gain, "azkeneko bileretan enpresak hordagoa bota zigun bi-hiru puntu aldatu nahi bagenituen berak proposatutako guztiak onartu beharko genituela esanaz", argitu du. Hori ikusita, langileek negoziaziorako ez zutela beste aukerarik ikusi zuten. Langileen batzar bat antolatu eta bertan mobilizaziotan hasi beharra zeukatela ikusi zuten: "Hitzekin negoziazio mahaiak ez zuen funtzionatzen, eta presioa egin beharra zegoen enpresari. Hiru aukera proposatu genituen. Hiru mobilizazio ezberdin, eta langileen erabakia izan zen Aste Santua pasa ostean jada greba mugagabearekin hastea", esan du Goikoetxeak. 

Gaur hasi dira greba mugagabearekin, eta "azkenekoz enpresarekin bildu ginenean ez baldin bazuten benetako proposamen erreal bat eskaintzen ez ginela beraiekin berriro bilduko esan genien", dio enpresa batzordeko kideak. Langileen helburua presioa egitea da: "Ea presio bidez enpresak ematen duen pauso bat, eta ea enpresak benetan gure proposamenak kontuan edukitako itun proposamen duin bat ekartzen duen, eta horren zain gaude". 

Bost urteko ibilbidea du Adunako Irizar E-mobility enpresak. 80 bat pertsonarekin hasi zen enpresan egun 300 bat langilek egiten du lan: "Esan behar da azkeneko sei hilabetetan 100 pertsona berri sartu direla, eta jende berri asko dago". 

"Denok lan berdina egiten dugu, eta denok ez daukagu soldata bera", azpimarratu du. Enpresara maila ezberdinean sartzen dira langileak, eta denbora bat pasa ostean, "denok soldata bera kobratu beharko genuke" eskatzen dute langileek. "Denok bi-hiru urtetan lan berdina egiten bukatzen dugu. Askatasun bera dugu lanerako eta produktibitate bera dugu. Orduan, guri justuena denak berdin kobratzea dela iruditzen zaigu", azaldu du. 

Esperantzarekin daude adostasunera iristeko, eta aurten lortzen duten hitzarmena etorkizunera begira "oinarria" izan behar duela aldarrikatu dute. 

Bukatzeko, elkartasun mezua luzatu du Goikoetxeak eta animoak bidali ditu Berangora: "Irizar taldea gara, eta gu bezala, Alconza Irizarreko langileak ere greba mugagabean daude. Beraiek gu baino egoera okerragoan daude, eta 25 bat kaleratu dituzte". Bizkaiko enpresako langileek ia bi hilabete daramatzate greba mugagabean.

LAB sindikatua, "kezkatuta"

LAB sindikatuak bere aldetik, langileak zoriondu nahi izan ditu "enpresaren aurrean emandako erantzunagatik".

"Irizar E-Mobility ibilgailu elektrikoak ekoizten dituen punta-puntako etorkizun handiko enpresa dela saltzen duten arren, bigarren mailako baldintzak dituzte langileek, eta horren ondorioz langileen joan-etorria izugarri handia da", azaldu du sindikatuak. Horrez gain, LABetik kezkaz ikusten dute Irizar Group kooperatibak "azken hilabeteetan hartu duen bidea". 

"Irizar Groupi exijitzen diogu bere jarrera aldatu eta langileen eskaerak onar ditzala", eskatu du LABek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!