Irizar e-mobility greban

Irizar E-mobility enpresako langileek greba hasiko dute hilaren 25ean

Ataria 2022ko api. 12a, 16:55

Lau hilabete eman dituzte lan ituna negoziatzen eta enpresa batzordeak dio zuzendaritzak ez diola langileen eskaerari behar bezalako garrantzia ematen, "gainera, hau gutxi balitz, negoziazioa baldintzatu dute beraien itun proposamena onartzera behartuz".

Adunako Irizar E-mobility lantokiko enpesa batzordeak esan du greba mugagabean hasiko direla hilaren 25ean, "horrelako enpresa batek merezi duen lan itun baten alde". Zehazki hauek dira langileek dituzten eskaerak: lan berdinari soldata berdina ematea, guztiei irteeretarako baldintza duinak eta berdinak eskaintzea, esfortzu gehigarriak konpentsatzea, langile guztien bizitza pertsonala eta kontziliazioa bermatzea, eta puntu bat bera ere ez egotea hitzarmenaren azpitik.

Izan ere, lan ituna berritzeko negoziaketetan aritu dira azken lau hilabeteetan, baina ez dute akordiorik itxi. "Lau hilabete pasa dira negoziazio mahaia martxan jarri zenetik eta zuzendaritzak ez dio langileen eskaerari behar duen garrantzia ematen, gainera, hau gutxi balitz, negoziazioa baldintzatu dute beraien itun proposamena onartzera behartuz", zehaztu dute.

Enpresa batzordeak gogoratu du bost urte direla Irizarrek Adunan SL izaera duen enpresa sortu zuela. "Bost urteetan ia 300 langileko enpresa izatera iritsi gara, merkatuan autobusak egiten dituzten makro enpresekin parez pare lehiatzen ari gara eta etorkizun oso oparoa duen enpresa gara.
Hau guztia ez zen posible izango langileen konpromisorik gabe, langileen sakrifiziorik gabe. Tamalez Irizar Taldea gidatzen duen Irizar S.Coop-ek ez ditu taldeko langileak beraien burua bezain ondo zaintzen eta honen ondorio zuzena da 70 langile inguruk (langileen ia laurdenak) beste enpresetara alde egitea".

Esan dute enpresa sortu berritan "ulergarria" izan zitekeela ekoizpenean "desordena" ematea, baina gaur egun mantentzen dela salatu dute, eta horrek "zuzenki eragiten du" langileen lan baldintzetan, "langileak momentu batzuetan legez kanpoko gauzak egitera behartuz". "Lan baldintzek langileen sumina pizten doazen heinean, ikusten dugu nola azken urteetan produkzioa sei bider handitu den, nola kartera handituz doan ekoizpen erritmoa behin eta berriz handitzera behartuz eta nola langileen eskubideak eta lan baldintzak bide ertzean geldi ditugun", gaineratu dute. Langileen ustez enpresako lan ituna negoziatzea tokatzen den honetan "langileak urteetan egindako lana eskertzeko eta etorkizuneko langileentzat lantegi erakargarri bat egiteko unea da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!