Elkarrizketa

«Aurreiritziak bertan behera geratzen dira mahai baten inguruan elkartzean»

Imanol Garcia Landa 2021ko aza. 12a, 07:58
Beatriz Eguskitza, ezkerrean eta behean, 2016ko Bizilagunak egitasmoko bazkarian parte hartu zutenekin. ATARIA

Bilbon jaioa, ia 30 urte daramatza bizitzen Adunan Beatriz Eguskitzak. Azken bost alditan parte hartu du Bizilagunak egitasmoan, baina aurtengoan, «pena handiz», ezin izango du errepikatu.

Nola hasi zinen parte hartzen egitasmoan?

Egunkarian ikusi nuen proiektuaren berri, oso interesgarria iruditu zitzaidan eta animatu nintzen parte hartzera, nire ahizparen familiakoekin batera. Oso ondo atera zenez, eta oso esperientzia aberasgarria iruditu zitzaidanez, jarraitu genuen. Etxera etortzerakoan, pertsona horiek modu batera ikusten dituzu, baina alde egiten dutenean beste era batera ikusten dituzu. Hori nabarmenduko nuke bereziki. Denok ditugu aurreiritziak eta horiek denak bertan behera geratzen dira mahai baten inguruan elkartzen garenean, eta bakoitzak bere bizitza eta batez ere familia horiek izan dituzten zailtasunak kontatzen dituztenean.

Bizilagunak egitasmoaren bitartez, pertsona migranteei buruz ditugun aurreiritzien kontra egitea da helburuetako bat, aurreiritziak denok izan ditzakegulako.

Bai, ez gara kontziente, baina denok ditugu aurreiritziak. Jatorriaren arabera aurreiritziak ditugu, eta egitasmo hauekin kontzientzia hartzen duzu eta konturatzen zara denok oso antzekoak garela, eta konturatzen zara hona migratu duten pertsona horien bizitzak oso gogorrak direla eta jabetzen zara hona etortzeko hartu duten erabakiaz, hemen zer zailtasun dituzten ikusten duzu. Alde horretatik oso interesgarria da. Hasieran, elkartzen garenean, pixka bat lotsatuta egoten gara guztiok, baina konfiantza hartzen zoazenean, denok hitz egiten dugu eta bakoitzak bere istorioa kontatzen du eta oso interesgarria da.

Bost topaketa egin dituzu, eta, beraz, bost migrazio istorio ezagutu.

Bai, hala da. Aurreiritziak baino ez dira guri lana kentzera eta gure zerbitzuak erabiltzera etortzen direla, gero konturatzen zara nolako bizitza izan duen bakoitzak bere herrialdean, eta hona etortzeko erabakia hartzen dutenean oso erabaki gogorra dela: dena atzean uztea, familia, lagunak, etxea, daukaten guztia. Eta arriskua hartzen dutela jakin gabe hemen zer aurkituko duten. Hemen bizitza berri bat hasten dute, zailtasun pila batekin. Nire ustez meritu handia dute, eta hori dena baloratu behar dugu.

Jendeari, beraz, egitasmoan parte hartzeko gonbita egingo zenioke.

Dudarik gabe. Batzuetan beldur pixka bat ematen dizu ezagutzen ez duzun norbait zure etxean sartzea, baina lehenengo bazkariarekin beldur guztiak galduko dituzu. Normalean oso ondo ateratzen dira bazkari guztiak, eta jendea oso gustura geratzen da.

Erlazionatuak

Ezagutzeak aurreiritziak uxatzen ditu

Imanol Garcia Landa 2021 aza 12 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!