III. Mendi Duatloia egingo dute larunbatean Adunan

Imanol Garcia Landa 2021ko aza. 11a, 11:58

Aduna beste behin izango da Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko azken proba. Iaz ez zen posible izan egitea, azken unean ezarri ziren osasun neurriengatik bertan behera geratu zelako, baina aurten antolatu ahal izan dute.

Adunako III. Mendi Duatloia larunbat honetan egingo dute, azaroaren 13an, eta 15:00etan hasiko da herriko plazatik.

Antolakuntzako kidea den Xabi Tejeria zinegotziak azaldu duenez, gogoz aritu dira prestaketa lanetan, besteak beste, iaz azken unean bertan behera geratu zelako. Ibilbideak ez du aldaketarik izango: korrika egingo den lehen sektoreak 3,4 kilometro izango ditu, bizikletaz egingo den bigarren sektoreak 14,5 kilometro, eta korrika egingo den hirugarren sektoreak 1,7 kilometroko. Herriko plaza izaten da probaren erdigunea, irteera eta helmuga izateaz gain, sektore batetik besterako aldaketak ere bertan egingo direlako.

Izen ematea Kirolprobak.com webgunearen bitartez egin ahalko da eta parte hartzeko bi aukera daude: banaka zein erreleboka. «Binaka edo erreleboka egiteko aukera jartzen da proba zertxobait samurrago egiteko, eta jende gehiago animatzeko parte hartzera», azaldu du Tejeriak. Plaza kopurua ez bada betetzen, egun berean ere aukera izango da Adunako plazan bertan izena emateko. «Normalean jendeari kosta egiten zaio aurretik izena ematea, baina antolakuntzarentzako egokiagoa izaten da hori», esan du Tejeriak, eta batez ere parte hartzeko gonbita egin du.

Zirkuituko azken proba izanik, Adunako irabazleak jakiteaz gain, zirkuituko txapeldunak zein izango diren jakingo da, eta horrek beste interes puntu bat jartzen dio. Gizonezkoetan Eneko Gurrutxaga amasarrak aukerak ditu zirkuitua irabazteko, azken hiru probak irabazi ostean.

Beste urteetan egin moduan, larunbatean afaria egingo dute, zirkuituari mahaiaren bueltan amaiera emateko. Bertan zirkuituko txapeldunei ematen zaizkie sariak. Aburuza sagardotegian izango da afaria, eta helduek 35 euro eta haurrek 20 euro ordainduko dituzte. Txartelak lortzeko, larunbatean bertan mendi duatloiko antolakuntzako kideei galdetu daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!