«Egon da beldur kolektibo bat eta zauri pertsonal asko daude»

Jon Miranda Labaien 2021ko eka. 3a, 19:58

Juan Kruz Igerabide adunarrak 'Doneaneko alaba' nobela kaleratu du; Literatura irakasle den narratzaileak 36ko gerran abiatu eta ondorengo hamarkadetan pilatutako minak kontatzen dizkio ilobari; maitasunak, tragediak, ezinak eta bizi-pozak elikatzen ditu pertsonaiak

Haur eta gazteentzat idatzi du gehienbat Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956) eta baditu zenbait lan helduentzat ere, hala poesian nola prosan. Kaleratu izan dituen Hauts bihurtu zineten, Elurra sutan edota Zangotraba nobeletan ez bezala, lehenagoko garaietara jo eta 36ko gerran abiatu du kontakizuna.

Gerrak eragindako zauriek utzitako ondorena da lantzen duzun gai nagusia. Zergatik kontatu nahi izan duzu hori?

Nik neuk eta neure belaunaldiaren zati handi batek bizi izan dugun denbora da. Gerrak sortutako zauriaren ondorioz etorri dira guk bizi izan ditugun gauza asko eta asko. Hor egon da beldur kolektibo bat eta daude zauri pertsonal asko. Nik kontakizuna hor kokatu nahi izan dut. Zauri horien seme-alabak gara eta gero etorri zaizkigun, egin ditugun eta egin dizkiguten zaurien erroetako bat, garrantzitsuenetakoa, 36ko gerran dago.

Izaera zaputza duen gizonezkoa da narratzailea. Nola eraiki duzu pertsonaia?

Gerra garaian sortutako min horiei aurre egiteko oskol bat egiten du pertsonaiak. Batzuek dirua egin zuten, beste batzuek etxe bat, beste batzuek lanean gotortu ziren eta familia bat eraiki. Nire nobelan agertzen den narratzaileak garatzen du pertsonalitate bat intelektualitatearen inguruan eta horren bueltan egiten du bere gaztelutxoa, hor irauteko.

Bere ezina estaltzeko?

Neurri batean bai. Hor erabili dut irudi bat nobelan zehar errepikatzen dena, gezur langarena. Literaturaren langa bat da, gezurrezkoa, noski, irudikatua delako, eta gezur langa horretatik munduaren gezurrari begira jartzen da protagonista. Gotorleku intelektual faltsu bat eraiki duela ikusten dugu, berak ere ez du sinesten eraiki duen horretan, nahiz eta status bat eman dion unibertsitateko ikertzaileen artean. Nobelaren bukaeran gaztelu hori erori egingo zaio, eta hein batean, nik uste, pozez bizi duela erorketa hori, liberazio bat balitz bezala.

Ia nobelaren amaiera arte ez duzu narratzailearen izena argitzen. Zergatik?

Jolas literario bat da. Apuleioren Urrezko astoa presente dago liburu osoan. Duela bi mila urteko kontakizun horretan, sorgin batek janarazten dizkio narratzaileari arrosa hosto batzuk eta asto bihurtzen da. Nire nobelako pertsonaia honek txikitandik sinbolikoki jaten ditu arrosa hosto gorriak, odol forman. Astasuge gisa definitzen du bere burua, ez baita bakarrik astoa, badauka suge miztoa ere. Lotura hori ia-ia ezkutuan doa nobela osoan zehar eta bukaeran agertzen da narratzailearen izena. Istorioari beste azalpen oinarri bat emateko erabili dut jolas hau.

Narrazioan tartekatu dituzu mitologia grekoko eta literatura unibertsaleko beste hainbat parte. Zein funtzio betetzen dute kontakizunean?

Zortzi urte dituela eta gerraren testuinguruan azaltzen ez dakien zerbaiten testigu da narratzailea. Oso gertakizun gogorrak dira eta berari ere belauna txikituko diote. Trauma horren gainean eraikitzen du bere nortasuna. Bere garaian ulertu ez zuen hori esplikatzeko erabiltzen ditu protagonistak pasarte mitologiko eta literarioak. Aldi berean, erabiltzen ditu esperientzia pertsonalei halako oihartzun unibertsal bat emateko. Bere artean pentsatzen du giza kondizioa aspaldidanik dela horrelakoxea eta mitoetan eta literaturan bilatzen ditu erreferentziak.

Nobela honetan agertzen den herria fikziozkoa da, nahiz eta baduen Adunaren traza.

Bai. Beterriko ezaugarriak ditu lekuak eta nire herriko toponimo batzuk ere erabili ditut. Kontua da, Adunan ez dauden lekuak sartu ditudala. Doneane etxea asmatu egin dut, esate baterako. Izan daiteke Euskal Herriko beste txoko bat, irekia geratzen da aukera. Jolas gisa proposatzen dut, baina bada zerbait sinbolikoa ere. Liburuan kontatzen diren gertaerak Euskal Herri osoan eman ziren, zauriak nonahi aurki ditzakegu.

Zazpi ataletan banatu duzu nobela. Zergatik egitura hori?

Gustatu egiten zait zatikatze biribilak erabiltzea. Zazpia eta bederatzia oso egitura tradizionalak dira. Zazpiarekin, denboraren eta errealitatearen arteko lotura adierazten da sinbolikoki. Denborak hiru elementu ditu, lehena, oraina eta geroa eta errealitatean lau elementu topa daitezke, sua, lurra, airea eta ura. Hiru eta lau, zazpi. Modu horretara lotzen zaio denbora errealitateari.

Nolakoa izan da nobelaren idazketa prozesua?

Nobela batek denbora luzea eskatzen du. Aspalditik nenbilen kontu honekin. Ikusten da harremana baduela aurreko nire nobelekin, eta beraz, urteetako irakurketa eta obsesio batzuen emaitza dela. Behin dokumentazio lanak egin ondoren hilabete dezente eman ditut idazten. Sentitu dut askotan pertsonaiek eman didatela bidea. Narratzaileak bere legeak jarri dizkit eta hura zerbitzatu dut nik, haren atzetik ibili naiz. Sortze prozesuan unerik nekagarriena-edo, nobela amaituta dagoenean etortzen da, testua moldatu behar denean: hau kendu, bestea jarri, honek ez du funtzionatzen... Nobelaren irakurketa bat egin zidan Anjel Lertxundik eta oso gauza interesgarriak esan zizkidan. Oso eskertuta nago berekin, abila da testuak kirrinka non egiten duen atzematen. Dena den, momentu batean askatu behar duzu nobela, segi eta segi, ehun urte arte pasa ditzakezulako. Editoreak kendu zidan eskuetatik, azkenean.

Literaturaren arloan zein lan duzu orain esku artean?

Orain amaitu dut iaz ateratako aforismo liburuaren itzulpena. Aukera polit bat izan dut gaztelaniaz ateratzeko. Eta gero, beti nabil jolasean, haur poemekin eta abar. Uda amaieran liburu bat aterako dugu haurrentzako aforismoekin. Azkenean ausartu naiz. Aforismoekin, filosofia eta ideia sakonak azaltzen dira eta baneukan gogoa haurrentzako esalditxo laburrak lantzeko. Azkenean animatu eta Koldobika Jauregiren ilustrazio zoragarri batzuekin joango da. Erabili ditugu ilustrazio jostarienak eta horiekin hitza eta irudiaren arteko jolas bat proposatzen diegu umeei. Ikaragarri pozik ari naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!