ELAk Adunako Kelsen enpresako heriotza salatu du

Ataria 2021eko maiatzaren 12a

Kelsen enpresako barrualdea. Iturria: Calcinor.

Refrectarios Kelsen enpresako langile bat hil zen astelehenean, bihotzekoak jota. ELA sindikatuak esan du heriotza honekin lau direla jada, 2021ean Gipuzkoan hil diren langileak, eta Euskal Herriko hogeita hirugarrena. Era honetako heriotza ez traumatikoak oso ohikoak direla esan du.

Sindikatuak elkartasuna eta babesa azaldu die hildakoaren senitartekoei, lagunei eta langilearen lankideei. "Badirudi modu honetako lan-istripu hilgarriek ( iktusak, bihotzekoak eta abar) ez dutela lanarekin zerikusirik; aldiz, azken urteetako datuei erreparatzen badiegu ikusiko dugu 2020an lan-istripu baten ondorioz hil ziren langileen %25 istripu ez traumatiko baten eraginez zendu ziren. Aurtengo datuei erreparatuz gero, lanean zendu diren 23 langiletik 5 zendu dira istripu ez traumatiko baten eraginez. Datuak oso argigarriak direla iruditzen zaigu eta hauen atzean dauden benetako arrazoiak Instituzioek zein patronalek sakon aztertu beharko lituzkete". Esan du, era berean, heriotza horien arrazoia bat dela, prekarietatea, eta horren ondorioz ematen direla lan erritmo jasanezinak, lan baldintza geroz eta kaskarragoak, lan karga izugarriak edota estresa.

"Lan-harremanetan langile klasearen osasunak eta segurtasunak zentralitatea hartzen ez duen bitartean, ezingo dugu egoera honekin amaitu. Zoritxarrez ondorio lazgarri hauek langile klaseak pairatzen ditu. Borondate politikoa eta enpresarien behin-betiko konpromisoa besterik ez dira behar honekin amaitzeko", esan du.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!