Langile bat hil da Adunako Kelsen enpresan

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 11a, 14:31
Iturria: Google Maps

LAB sindikatuak jakinarazi du, 59 urteko langile bati bihotzekoak eman ziola atzo Adunako Refractarios Kelsen enpresan, eta bertan hil zela.

Gaur jakin du LAB sindikatuak, atzoko heriotzaren berri eta elkartasuna eta babesa adierazi nahi izan die hildakoaren senitarteko eta lankideei. Azken hildako honekin eta urtea hasi zenetik Euskal Herrian gutxienez 21 pertsona hil dira lanean edo lanaren ondorioz, sindikatuak esan duenez. Era berean, Zaldibarko zabortegian Joakin  Beltran desagertuta jarraitzen duela gogoratu du.

Adunako enpresan hildako langileari bihotzekoak eman zion atzo, eta sindikatuak esan du lanean bihotzekoak edo zirkulazio gaitz baskularren bat ematea ez dela kasualitatea, "ez da izaten lanarekin zerikusirik ez duen zerbait, patronalak dioen bezala". "Jakina da horrelako gertaerak baldintza zehatz batzuen pean gertatzen direla. Lanean jasotzen diren presioak edo estresa bihotzekoak eta zirkulazio gaitzen ezinbesteko faktoreak dira eta gehienetan, erabakigarrienak, bizi eta lan baldintzekin batera".

Horiek horrela gogoratu du istripu ez traumatikoak, bihotzekoak eta iktusak bilakatu direla lan istripu bilgarrien arrazoi nagusia, "aurten, dagoeneko bost langile hil dira arrazoi horiengatik". "Argi daukagu lan istripuak, traumatiko edo ez traumatikoak, ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, indarrean dauden lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza baizik". Lan harreman eta "joko arauen" aldaketa behar dela aldarrikatu du LABek eta langileen bizitza eta osasuna lehenetsiko dituen eredu berri bat behar dela nabarmendu du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!