Juan Kruz Igerabiderentzat Urrezko Kalabaza sarietako bat

Ataria 2019ko martxoaren 27a

Tolosako Zuloaga Txiki aterpe-jatetxean larunbatean egingo den galan jasoko du saria. Antolakuntzak oraindik iragarri ez dituen beste bi lagunek ere jasoko dute saria.

Igerabidek ahozkotasuna ipuingintzaren bitartez lantzeko egin duen lana azpimarratu dute jaialdiaren antolatzaileek eta Bularretik mintzora (Erein, 2000) liburua jo dute alor horretako erreferentziatzat: "Ezinbestekoa da ahozko narraziogintzan".

Urrezko Kalabaza saria jasoko du Igerabidek larunbaetean eta iaz Espainiako Haur eta Gazte Literatura saria eskuratu zuen Abezedario titirijario liburuagatik.

Larunbatean amaituko da Ahoz Aho jaialdia Tolosan, Euskal Narratzaileen Topaketarekin. Goizean, Tolosako Amarotzeko auzo-etxean Maialen Moreno eta Antton Irusta (10.00) eta Nicolas Buenaventura kolonbiarra (12.30) ariko dira eta sari banaketa ekitaldia Zuloaga Txikin egingo da bazkalostean, 16.00ak aldera. Oihana Iguaran eta Haritz Mujika bertsolariek hartuko dute parte, eta ondoren, ‘Kaxueira’ musika emanaldia izango da Lua Matheus Essery eta Eider Elorza ‘Eira’ren eskutik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!