Auzolana eta erakustaldiak eredu berri baten oinarri

Jon Miranda Labaien 2018ko aza. 8a, 08:01

Adunan Herri Azoka egingo dute igandean urtebeteko lanketaren ondoren eta eguna antolatzeko, 200 herritarretik gora ariko da lanean

Iazko irailean, herritar talde bat bildu zen Adunan, kultur astea antolatzeko asmotan. Bilera horretan, herriko gazteek bertako ondarearen inguruan ezagutza gutxi zutela ohartu ziren, eta horri irtenbidea eman eta aurreko eskaera bati erantzunez, azoka berezia antolatzea erabaki zuten. Urtebeteren ostean, asmoa errealitate bihurtuko da igandean. 10:00etan zabalduko da azoka eta erakustokiak 14:30ak arte egongo dira ikusgai. Eguna, ordea, herri bazkariarekin eta arratsaldeko erromeriarekin osatuko dute. Egun osoko festa izango da, beraz.

Herritarren partaidetza sustatzea izan da urtebeteko lanketaren helburua. Elkarrekin garia, babarruna eta artoa erein dituzte, esate baterako, eta txorimaloak egin eta herriko baratze eta soroetan jarri dituzte. «Jarduera horiek guztiek herritarren arteko harremanak sustatzen dituzte; kohesio horrek, Adunaren nortasuna sendotzen du eta gure arteko harreman zuzenek ondare ez material baina oso aberatsa osatzen dute. Partaidetza eta inplikazio horren ondorioz, guztiok bihurtu gara Adunaren enbaxadore eta proiektuaren dibulgatzaile».

Herri Azoka antolatzeko Adunak dituen ondareak baliatu dituztela azaldu du herritar horietako batek, Miren Genuak: «Lurra, sagardiak, karobiak, Andretegiko garbitokia... eta horiekin batera, oso garrantzitsua iruditu zaizkigun ogibideak, garai batekoak, egungoak eta etorkizunean sortu daitezkeenak». Azoka eredu berri bat proposatu dute, beraz, eta auzolanean oinarrituta, herritarrek zuzenean erakutsiko dituzte produktuak lantzeko prozesuak. 500 biztanle inguru dituen herrian, 200 herritarretik gora ariko da egun osoan zehar, gisa guztietako produktuak nola egiten diren erakusten.

LANBIDEEN ERAKUSKETA

Adunan zehar, igandean, zazpi gune bereiziko dituzte eta horietan sakabanatuta 47 postu jarriko dira, lehengo eta oraingo lanbideak ikusgai jartzeko, zuzeneko emanaldietan. Sagardogilea, erlezaina, margolaria, arropa egilea, zapataria, nekazaria, artzaina, garagardogilea, harakina, txakolin egilea, harri artisaua, galdaragilea, sukaldaria, lore artisaua, egur tailatzailea, jostuna, bitxi artisaua, argazkilaria eta okina ariko dira, besteak beste, 40 erakustokitan banatuta eta herritarrek kudeatuta. Gainerako zazpi postuetan aritzeko Euskal Herriko herrialde bakoitzeko artisau bana gonbida dute adunarrek.

«Azoka bizia izango da, postu guztietan izango dira lanbide ezberdinak artisau moduan zuzenean lanean ikusteko aukera», esan du Genuak. Gainera, kotxe zaharren erakusketa eta antzinako ume jolasetan aritzeko aukera izango dute gaztetxoenek. Herriko txistulariek, trikitilariek, txalapartariek eta Loatzo musika eskolako ikasleek alaituko dute eguna eta Herri Eskolako Berritsu irratiaren zuzeneko emanaldia entzuteko aukera izango da herrian zehar. Zuzenean azokaren berri emango dute eta gerturatzen diren protagonistekin elkarrizketak egingo dituzte.

Jan-edana ere ez da faltako Iñaki Aristeta herritarrak aipatu duenez: «Salda, kafea eta pintxoak egongo dira eta Basopeta guraso elkartekoek taloak egingo dituzte. Iparra-Hegoa elkartekoak izango dira herri bazkariaz arduratuko direnak. Adunako pilotalekuan izango da 14:30ean.

JOAN-ETORRIAK AUTOBUSEZ

Igandean Adunara igotzeko errepidea itxita egongo da 09:30etik 14:30era. Autoak uztako aparkalekuak egokituko dituzte Ibaiondo, Uparan, Urtaki eta Irizar ondoko industrialdeetan eta handik herri gunera igotzeko autobusak ibiliko dira dohainik, 09:30etik 18:30era. «Bost geltoki prestatu dira eta goizean jendez bete ahala ibiliko dira autobusak gora eta behera», esan du Aristetak.

Azokako erakustokietan ibiliko diren herritarrak euskal jantziak eramango dituzte eta horrela jantzita joateko gonbita luzatu diete gerturatzen diren bisitariei. «Horrela festan parte hartzea errazagoa izango zaizue eta irudi polita lortuko genuke». Bazkalostean, gainera, 17:00etatik aurrera Usurbilgo Ttipika dantza taldea ariko da herriko plazan erromeria eskaintzen. Saio «dinamikoa» izango dela iragarri dute eta dantza egiteko aukera izango da taldekideetako batek gidatuta.

Azkeneko eskaera bat ere luzatu dute adunarrek: «Igandean erosketak egin asmoz azokara hurbilduko zaretenoi, egindako erosketak etxera eraman ahal izateko poltsa edo otarra nor berak ekarri dezan eskatzen dugu, ahalik eta zaborrik gutxiena sortu dezagun».

Adunako herritarrek, udalarekin batera antolatu dute igandeko Herri Azoka eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol departamenduak ere babestu du ekimena. Eredu berri baten aldeko apustu sendoa egin dute adunarrek eta horregatik aukeratu dute honako leloa: Adunako herri azokan erein eta hartuz, herria uztartuz. Herri Azokaren indar erakustaldiaren ostean, ekimenek ez dute etenik izango Adunan, kultur astearekin segiko baitute, azaroaren 18ra arte.

HERRI AZOKA. AZAROAK 11

10:00 - 14:30. Herri Azokaren ordutegia.
14:30. Herri bazkaria egingo da herriko pilotalekuan.
17:00. Ttipika taldearen eskutik erromeria.
OHARRA. Autobusak ibiliko dira 09:30etik 18:30era Adunara igotzeko. Herrigunera igotzeko errepidea itxita egongo da 14:30ak arte. Ibilgailuentzat aparkalekuak egokituko dira Ibaiondo, Uparan, Urtaki eta Irizar ondoko industrialdeetan.

47 POSTU HERRIAN ZEHAR

Zazpi gunetan banatuta, Euskal Herriko herrialde bakoitza ordezkatuz 7 postu izango dira eta gainerako 40 erakustokietan, etengabe, lanbide ezberdinak zuzenean ikusteko aukera izango da.

200 HERRITAR AUZOLANEAN

Adunak 500 biztanle inguru ditu eta 200 herritarretik gora ariko da igandean lanean, gisa guztietako produktuak nola egiten diren erakusten.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!