'Ur: erori nahi ez zuen euri-tanta' ipuina, Asvinenean

Jon Miranda Labaien 2018ko mai. 3a, 14:10

Adunako gurasoek, herri eskolako ikasleek, Loatzo musika eskolak eta emakumez osatutako abesbatzak hartuko dute parte biharko emanaldian.

Juan Kruz Igerabideren Ur: erori nahi ez zuen euri-tanta ipuina eskainiko dute, bihar, Asvinenea arte eszenikoen laborategian 17:00etan. Hasiera batean Ipuinen Unibertsoa Familian ekimenerako prestatutako emanaldira zenbat eragile batu diren ikusita, antolatzaileek herritar guztien aurrean eskaintzea erabaki dute, «herritar guztiek aurrez aurre eta bertatik bertara ikus dezaten herriko eragileek egin duten lana».

Duela pare bat urte, Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian sortutako ekimena da Ipuinen Unibertsoa Familian. Hilean behin, bailarako ikastetxeetako guraso elkarteren batek edo eragileren batek ipuin kontaketa berezi bat egiten du liburutegian. Arantxa Zabala liburuzainak parte hartzeko gonbidapena luzatu zien Adunako gurasoei, eta bide batez, Juan Kruz Igerabideren ipuin sorta bat helarazi, lanen bat aukera zezaten emanaldirako.

Antolatzaileei gorputz atalei buruzko bat gustatu zitzaien gehien eta ipuinak «musikaltasun puntu bat bazuela ikusita», Igerabiderengana jo zuten kontakizunak partiturarik ote zuen galdetzera. «Gure asmoen berri eman genionean, beste lan bat aipatu zigun eta hura proposatu emanaldirako, Ur: erori nahi ez zuen euri-tanta, hain zuzen. Ipuinaren audioa entzun genuen Juan Kruzen etxean bertan eta zirraraz beteta geratu ginen. Ez genuen zalantzarik izan eta ipuin huraxe aukeratu genuen».

ELKARLANAREN EMAITZA

Zein ipuin eskaini erabaki zutenean, emanaldiak antzezlana eta musika uztartzen zituela ikusita, Adunako eskolara jo zuten antzezle bila iazko udaberrian. «LHko 5. eta 6. mailako tutoreak gogotsu hartu zuen antzezpenaren ardura, eta bi maila horietako ikasleak prestatzen hasi ziren aktore bezala jarduteko». Musika, berriz, Loatzo musika eskolak jarriko du, eta antolatzaileen esanetan, «lan bikaina egin du antzezpena doinuz janzten». Bi eragile horiez gain, emakumeen ahotsez osatutako abesbatza bat ere behar zuten emanaldiko abesti bat egiteko eta eskolako ama talde bat animatu da parte hartzera, Maite Oiartzun musikariaren gidaritzapean.

Antolatzaileen esanetan, «berebiziko garrantzia» izan du Juan Kruz Igerabideren laguntzak: «Alboan izan dugu uneoro, behar genuen gai guztietan laguntzen, ideiak ematen edota testua ikasleentzat egokitzen. Bere burua ere eskaini du aktoreak prestatzeko, eta oro har, taldeko kide bat gehiago izango balitz bezala jokatu du prozesu osoan».

Ikasturte hasieratik landu dutena bihar ikusiko da Asvinenean, eta gero, maiatzaren 19an, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean 11:30ean eskainiko dute Ipuinen Unibertsoa Familian ekimenaren barruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!