Bertan ezohiko harriak izaten dira, Iñaki Gorostidi adunarrak bere harri-jasotzaile garaian erabiltzen zituenak. Aurten, iazko bostak jarriko ditu Gorostidi berak: «139 kiloko baldarra, 150, 160 eta 175 kiloko zilindro zaharrak eta 155 kiloko errektangular zaharra». Bi aldiz jaso beharko ditu harri-jasotzaile bakoitzak, eta azkarren egiten duenak irabaziko du txapelketa. Beste berezitasuna 185 kiloko harria da. Hau ere Iñaki Gorostidik jaso zuen bere garaian, esku bakarrez, 77 kilo zituenean. Harri hori igandean esku bakarrez jasotzen duenak 500 euroko saria izango du. Azken urteetan ez da inor ausartu erronka honekin, baina Gorostidiren esanetan, «aurten agian ezustekoren bat egongo da».
Igandean Adunan zortzi harri-jasotzaile egongo dira, Gorostidi Harria Txapelketan: Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi, Iban Ugartemendia, Hodei Iruretagoiena ‘Izeta IV.a’, Aimar Galarraga, Xabier Aranburu ‘Guzta’, Xabier Peña eta Kortaberri.