«Pasaiako badiakoak hilketa batzuk izan ziren, gainera, aurrez prestatutakoak»

Jon Miranda Labaien 2017ko aza. 15a, 11:21

Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Espainiako Poliziak 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian. Gertatutakoa kontatzen duen film dokumentala eskainiko dute gaur Adunako kultur aretoan (19:00), Kultur Astearen barruanBerria egunkaria eta Gogora institutuaren babesa du Oinatzak Produkzioak-ek ondu duen Pasaiako badia dokumentalak. Ekoiztetxe horretan aritzen da Yuri Agirre (Azpeitia, 1990).

Noiz eta nola erabaki zenuten Pasaiako badian gertatutakoa kontatu nahi zenutela?

Nirekin batera Xabier Otamendi eta Eriz Aznalek jardun dugu dokumentala egiten eta hiruak gara azpeitiarrak. Gertaeren berri bagenuen. Ikusten genuen gertaerek egundoko indar dramatikoa zutela, fikziozko pelikula askok dutena baino harrigarriagoa. Era berean gaurkotasuna duen gaia dela iruditzen zaigu, kasuak irekita jarraitzen duelako eta familiek, oraindik, egia jakiteko borrokan jarraitzen dutelako.

Zenbat denbora eman duzue dokumentala osatzen?

Dokumentalari ekitea pentsatu genuen, baldintzak bazeudela ikusi genuelako eta orain dela bi urte proiektua marrazteari ekin genion. Egia esan, bide luzea izan da, proiektuarekin hasi ginenean artean ikasketak amaitu gabe genituen. Makina bat buruhauste izan ditugu. Erdi bidean, crowdfundingkanpaina eduki genuen eta dezenteko arrakasta izan zuen. 40 egunetan 8.000 euro lortzea genuen helburu eta lau egunetan lortu genuen. Indarrak bildu genituen beste urtebetez lanean jarraitzeko.

Gizarte interesa bazegoela sumatu zenuten, hortaz.

Geure ekarpentxoa egiten saiatu gara eta benetako bidea orain hasten da, dokumentala herriz herri aurkeztuz eta kasua gizarteratuz.

Donostiako Lurralde Auzitegiak behin betiko artxibatu zuen kasua iaz. 

Bai, 2016ko ekainean hartu zuen erabaki hori epaileak. Gero Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo zuten familiek babes helegitea aurkeztera eta atzera bota zieten. Orain, Estrasburgoko bidea jorratzen ari dira.

Dokumentala orain argitara emateak lagundu dezake bide judiziala berrartzen?

Egia esan, auzian eragitea oso oso zaila da, are gehiago ikusita Estrasburgon dagoela. Nolabait justiziarik ez da egingo, edo asko jota Espainiako estatua zigortuko dute kasua ez ikertzeagatik. Ez dira iritsiko hiltzaileak kondenatzera. Baina egia juridikoarekin batera egia soziala dago. Gizarteak eraikitzen duen egia horretan egin dezakegu gure ekarpena, kasua Euskal Herriko memoria kolektiboan txertatuz.

Nolakoa izan da egin duzuen kazetaritza lana?

Proiektua hasi genuenean argi genuen lanak oso zorrotza eta zehatza izan behar zuela. Argi eta garbi zegoen tesia defendatzen genuen: Pasaian gertatutakoak aurrez prestatutako hilketak izan zirela. Horretarako ahalik eta argumentu indartsuenak erabili ditugu eta dokumentazio aldetik sintesi lan dezente egin dugu. Indarra eman nahi izan diogu kazetaritzari, ahalik eta dokumental objektiboena egiten saiatu gara, gertatutakoari sakontasuna emanez.

Nola definituko zenuke 1984ko martxoaren 22an gertatutakoa?

Hilketa batzuk izan ziren, eta gainera, aurrez prestatutakoak. Estatuaren aldetik, ardura gorenak izan zituen ekintza horrek.

Zer nolako testigantzak jaso dituzue dokumentalean?

Dokumental koral bat osatu dugu. Lau senideen lekukotzak jaso ditugu. Horrekin batera Rosa Jimeno eta Joseba Merino testigu zuzenak, Pasaiako herritarrak, abokatuak, Enrike Villarreal El Drogas, Paco Etxeberria, Fernando Orgambides, Carlos Garaikoetxea... Guztira 16 elkarrizketa. Eremu ezberdinetako jendea elkarrizketatu dugu eta denek argi dute aurrez prestatutako hilketa batzuk izan zirela.

Zer nolako tratua izan duzue senitartekoekin?

Hasiera-hasieratik senideen ondoan egin dugu proiektua. Egia da, momentu batean gogorra izan da elkarrizketak egitea, gertakarien inguruko barne traumak oraindik barnean dituztelako eta nolabait ur azaleratzea izan delako. Baina, era berean, gero proiektua aurrera joan ahala eta orain emaitza ikusita, gustura daude egindako esfortzuarekin, bai beraiek eta bai gu ere.

Eta eskertuta.

Bai. Azken batean, kasu honi ez zaio eman merezi duen garrantzia eta orain kasua apurka-apurka gizarteratzen ari dela ikusita kontentu daude. Interesa badagoela ikusita eskertuta daude senideak, bai.

Zein ibilbide ikusten diozue dokumentalari?

Indartu gaitu azken asteotan izan dugun harrerak. Datorren ikasturtea, herriz herri dokumentala proiektatzen pasako dugu. Gaur, ni izango naiz Adunan. Sarrera bat egin, ordubete irauten duen dokumentala ikusi, azalpenak eman eta galderentzako tarte bat zabalduko dugu.

Ikusi hemen Kultur Asteko egitaraua.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!