Lasterka. Horrela eman diote hasiera, 2017ko amabirjinei, Adunan. Gaurkoa, txekor jate eguna bada ere, bestelako jarduera gehiago ere antolatu dituzte, hilaren 6ari, festa egun ukitua emanez. Adunatar askok, ordea, ez dute korri egin nahi izan, eta horiek, krosaren ondoren, sagardoa dastatzeko hautua egin dute.
Lasterketari dagokionez, maila ezberdinetan banatu dituzte korrikalariak. Lehenak 3 eta 6 urte bitartekoak izan dira, bira bat (400 metro) eman dutenak. Ondoren, 7 eta 10 urte bitartekoak irten dira, eta hauek bi itzuli eman behar izan dituzte (800 metro). Haurrekin amaitzeko, 11 eta 15 urte bitartekoak irten dira azkenak, hiru itzuliko ibilbidea burutu dutelarik (1200 metro).
Haurren ostean, gaztetxo eta helduen txanda izan da. Neska gaztetxoek (16 urtetik 18ra bitarte), 2.250 metrotako ibilbidea osatu dute, eta gainontzekoek berriz, 4 kilometro eta erdiko lasterketa zuten aurretik. Gaztetxoetan, Leyre Maiza Razquin etxarriarra (9 minutu eta 26 segundo), Aitor Zabala Lizarraga herritarra (19 minutu eta 16 segundo) izan dira azkarrenak. Helduetan, aldiz, txapeldunak, Raul Gomez Margallo lasartearra (14 minutu eta 37 segundo) eta Maialen Loyo Menoyo (17 minutu eta 58 segundo) Ametzagako korrikalaria izan dira.
Eguerdi aldera, eta baita gauean ere, txekorrak izango du herritarren sabela betetzeko ardura, eta Ezten giro erromeri taldeak jarriko ditu dantzan arratsaldez nahiz gauez. Ikusi hemen gaurko txekor jate egunerako antolatutako egitaraua.