Gutuna: Asvinenea S.O.S.

Ataria 2017ko urtarrilaren 19a

Adunako Zubitxiki poligonoko 15. zenbakian kokatuta dagoen arte eszenikoen espazioa kudeatzen duen taldeak gutun bat egin du publiko, errelebo eske:

Elkarteak bizi duen egoerari buruz informatzeko asmoz zuzentzen gatzaizkizu. Badira urte batzuk 6-8 pertsonako talde berri batek Asvinenea espazioaren kudeaketaren ardura hartu genuela, kultura eta arte eszenikoen hedapenerako lanean jarraitzeko konpromisoarekin batera. Esperientzia aberasgarria izan da guztiontzat baina, ziklo guztien gisara, inflexio puntu batetara iritsi da hau ere: egoera hausnartu eta geure indarrak neurtu ondoren, ezinezkotzat jotzen dugu geure aldetik espazioaren kudeaketarekin jarraitzea. Hori bai, errelebo baten aukeran sinistu eta amesten dugu, espazioari diogun maitasunagatik eta arte eszenikoen hedapenerako duen potentzialean konfiantza dugulako.

Erreleboa hartzeko prest dauden elkarte, talde edo norbanakoek egin ditzaketen proposamenen bila gabiltza edota ekonomikoki espazioaren kudeaketa posible egingo luketen bazkide berrien bila. Egun Asvinenea kudeatzen dugunok guregana jotzen duten guztiekin elkarlanean aritzeko prest gaude, espazioa bizirik mantentzekotan, 15 urtetan zehar amestu eta gauzatutakoari jarraipena emanaz.

Esan bezala, gogoz hartuko dugu Asvinenea bizirik mantentzeko edozein proposamen, ideia, proiektu, galdera edo konpromisoa, eta martxoaren 1a arte zabaltzen dugu epea hauek jasotzeko asvinenea@gmail.com korreoan.

Besterik gabe, eskerrak eman nahi dizkizuegu urte guzti hauetan eskaini diguzuen laguntzagatik, funtsezkoa izan baita espazioa eta taldearen motibazioa mantentzeko. Laguntza eskaera hau ilusio eta energiaz beteriko proiektu berrientzat zabalduriko atea izatea espero dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!