Gaur eta datorren asteartean arnasguneen inguruko tailerra

Tolosaldeko Ataria 2015ko eka. 2a, 08:49

Gaiarekin kezkatuta dauden herritarrak kultur aretoan bilduko dira gaur 17:30tik 19:30era

2014eko amaieran euskararen kale erabileraren neurketa egin zuten Adunan. Bertan azaldutako datu batzuk kezkagarritzat jo zituzten herritarrek: «ikusi genuen parkean geunden bitartean euskararen erabilera asko txikitzen zela gurasoen artean».

Arazoari konponbide bat aurkitzen saiatzeko UEMAren laguntzaz tailer bat antolatzeko asmoa agertu dute Adunan. Guraso elkartea arduratu da lantegia antolatzeaz eta bi saio egingo dituzte. Lehena gaur eta bigarrena, gaur zortzi. Adunako kultur aretoan izango dira saioak 17:30etik 19:30era.

Nolako ezaugarriak partekatzen dituzte udalerri euskaldunek? Gune egonkorrak ala dinamikoak dira aldaketa sozialen ikuspegitik? Euskararen prestigioa eta erabilera esparruak irabaztea eta, aldi berean, etxeko erabierla jaistea normala al da? Zer eskatu behar zaie politikariei? Eta euskaldunon jarrerak nola ahaldundu daitezke?
UEMAk Adunara dakarren formazio eskaintza honetan galdera horien erantzunak bilatzen saiatuko dira. Leku batean euskara nagusi denean, toki hori euskaldunontzat arnasgunea dela esaten da.

Aduna toki horietako bat da eta, beraz, gaur eta datorren asteartean, bertako egoerari erreparatuko zaio. Besteak beste, udalerri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoaren inguruko eta egoera sozioekonomikoari buruzko ikerketak landuko dira. Bertako datuak modu ulerterraz eta dinamiko batean komunikatuko dituzte UEMAko teknikariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!