Urkijoren salaketa

Berastegiko Udala Ueman sartzearen aurkako helegitea jarri du Urkijok

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 28a, 15:59

Uemak "babes osoa" adierazi dio Berastegiko Udalari, eta Aritz Mujika alkateak osoko bilkuran hartutako erabakia "berretsi" du eta erabakia "epaitegietan" defendatzeko prest agertu da.

Espainiak EAEn duen ordezkariak, Carlos Urkijok, helegitea jarri du Berastegiko Udalaren aurka, 2014ko martxoaren 31n osoko bilkuran  Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, sartzeko erabakia hartzeagatik.Errekerimenduei erantzun arren, irailaren 1ean helegitea jarri zion Urkijok hartutako erabakiari. Bere esanetan, legez kontrakoa izan daiteke, Berastegiko Udalak  Ueman sartzeko hartutako erabakia.Egoera honen aurrean Uemak «babes osoa» adierazi dio Berastegiko Udalari eta hori publikoki adierazi zuen atzo Donostian egindako agerraldian. Bertan Uemako zuzendaritzako kide diren hainbat alderditako ordezkariek parte hartu zuten: EHBildukoak, EAJkoak eta Independienteak.
Aritz Mujika Berastegiko alkatea eta Amaia Azkue zinegotzia agerraldian izan ziren. Mujikak azaldutakoaren arabera, Berastegi udalerri euskalduna izanik, Uemak «euskararekiko eskatzen duen konpromisoa» hartu nahi izan zuten erabakiarekin. Izan ere, Mujikaren esanetan euskarak bizirik irauteko, beste edozein hizkuntzak bezala, «nagusi izango den lurgunea» behar du; eta bide horretan, Berastegik arnasgune linguistiko-kulturalaren «lurralde sarea osatzearen eta ahalmentzearen» ardura du alkatearen ustez.
Aipatu bezala, Urkijoren argudioen arabera Berastegiko Udalak Ueman sartzeko hartutako erabakia legez kanpokotzat jo du. Baina, Mujikak azaldu bezala gero eta udal gehiago dira mankomunitateko kide, eta udal horiek ez dute «inolako oztopo eta eragozpenik» izan.
Horregatik, estatuko ordezkariaren «esku-hartzea» salatu nahi izan zuen, eta herriari dagozkion erabakiak «Berastegiko Udalari eta bertako ordezkari politikoei» dagozkie hartzea Mujikaren ustez: «Carlos Urkijo ez da inor Berastegiko osoko bilkuraren gainetik jartzeko». Gauzak honela, udalak Ueman sartzeko hartutako erabakia «berretsi» zuen: «Ongi pentsatu, eztabaidatu eta gehiengoaren erabakiz egin genuen euskararen aldeko konpromisoan sakontzeko hautua, eta horretan ez dugu atzera egingo». Berastegiko Udalak Uemako kide izaten jarraituko du eta erabakia «epaitegian» defendatzeko prest ere agertu zen Mujika.
«Euskararen aurkako erasoa»
Maren Belastegi, Umeako lehendakariak, «babes osoa» adierazi zion Berastegiko udalari, mankomunitatea osatzen duten udalen izenean: «Elkarrekin euskararen arnasguneak sendotu eta zabaltzeko egiten gabiltzan lan honetan bat eginda babestu nahi dugu Berastegiko Udala. Bide batez, udalari eta bertako herritarrei jakinarazi nahi diegu Uema osatzen dugun udalerri guztien elkartasuna eta laguntza izango dutela bide honetan».
Era berean, «ozen» salatu nahi izan zuen Urkijoren jokabidea. Legegintzaldian zehar, euskara sustatzeko erabaki ugari «ezbaian» jarri dituela eta hainbat udalek Urkijoren errekerimenduak eta helegiteak jaso dituztela ere gaineratu zuen Belastegik. Eta Berastegiren aurka jarritako helegitea ere «euskararen aurkako erasoaldi orokorraren baitan» kokatzen dute: «Berastegiko Udalaren aurkako eraso hau, UEMAren aurkako ere bada, eta ondorioz, baita euskararen aurkako erasoa ere».
Honela, Urkijok euskararen normalizazioaren aldeko urratsak «gelditu» nahi ditu Belastegiren ustez, eta egoera honetan udalerri euskaldunak «babesik gabe» sentitzen dira.
Udalerri euskaldunetan biztanleen %70ak baino gehiagok euskaraz daki, eta tipologia horretako udalerrietan, «hizkuntza politika bereziak» behar dira Belastegiren esanetan. Baina, «udalerri euskaldunek ez dute trataera berezirik», eta ondorioz «udalerri euskaldunetan atzerakada nabarmena gertatzen ari da». Uemako lehendakariaren ustez bide horretan, «euskararen arnasguneek etorkizun iluna» izango dute. Uemak, ordea, joera hori «gelditu eta irauli» nahi du, baina bidea «oztopoz beteta» ikusten dute. Estatuko ordezkariak jarritako helegitea oztopo horietako bat da baina «legearen mugak eta indarrean diren legeen irakurketa murriztaileek» ere ez dute laguntzen.
Gauzak horrela, euskararen arnasguneak «sendotu eta zabaltzeko adostasun zabala eta konpromiso zehatzak» behar dira, eta horretarako»instituzio publiko zein pribatuen» inplikazioa eskatu du Uemak. Azkenik, horretarako, «guztiekin elkarlanean aritzeko prestutasun osoa» azaldu zuen Maren Belastegik Uemaren izenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!