Etxebizitza tasatuetan izena emateko deialdia onartu du Abaltzisketako Udalak

Tolosaldeko Ataria

Abaltzisketa herriaren artxibo irudia.

Abaltzisketako Udalak onartu du Etorlurrek bertan eraiki behar dituen etxebizitza tasatuen eskaintzan izena emateko deialdia.

Abaltzisketan hamar etxebizitza tasatu eraikiko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorlur sozietate publikoak. Joan den urte amaieran aurkeztu zieten proiektua herritarrei, eta berriki eskaintzan izena emateko deialdia onartu du Abaltzisketako Udalak.

Etxebizitza tasatuak izaki, izena emateko zenbait baldintza bete beharko dituzte interesa dutenek, horien artean, beste etxebizitzarik ez izatea, urteko diru sarrerak zehaztutako tartearen barruan egotea eta azken urteetan Abaltzisketan erroldatuta egon izana —errolda baldintzak betetzen dituztenekin eskaintza guztia esleitzen ez bada, beste talde batzuk ere egin ahal izango dituzte eskaerak—. Interesa dutenek Abaltzisketako Udalaren web orrialdean kontsulta ditzakete xehetasunak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!